Paris alertan dago: 35 eta 40 urte arteko gizon baten bila dabil Frantziako Polizia. Ehiztari arropa jantzia du, eta eskopetaz egindako hainbat erasoren erantzulea dela uste dute. Libération egunkarian larri zauritutakoak 27 urte ditu, eta Next aldizkarirako lan egiten duen argazki agentzia bateko langilea da. Polizia iturrien arabera, erasotzaileak ez du hitzik egin erasoari ekin baino lehen.
Libération-eko erasoaren ondoren, tiroak izan dira Defense auzoan, Societe Generalen dorrearen ondoan, baina ez da inor zauritu. Handik minutu gutxira gizon bat bahitu du, eta Eliseoko Zelaietara eramateko agindu dio. Lekukoen arabera, gero, metroa hartu du. Ostiral goizean, gizonezko batek, BFMTV telebistak Parisen duen egoitzan sartu, eta mehatxu egin zien kazetariei. Ihes egin zuen gero, esanez hurrengoan ez zuela huts egingo.
Poliziak 45 auto ezarri ditu hirian, eta segurtasun kamerek hartutako argazki pare bat ere zabaldu du, herritarrei laguntza eskatzeaz gainera. Ustez, Irratiaren Etxean ikusi dute azken aldiz, eta arrastoa 16:00etan galdu du Poliziak. Eliseoaren arabera, François Hollande presidenteak Barne Departamentuari "ahal guztiak mugiaraztea" galdegin dio, tiroketaren egilea atzemateko.