Kataluniako erreferenduma

Libre atera dira atxilotu guztiak, karguekin

Auzitegiaren atarian zeukaten jendetza zain, eta txaloka hartu dituzte.

Junqueras Jove besarkatzen, aske atera berritan. MARTA PEREZ, EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2017ko irailaren 22a
10:29
Entzun

Goizean eraman dituzte epailearen aurrera deklaratzera azken sei atxilotuak, eta hark, karguekin aske utzi ditu guztiak. 12:00ak aldera hasi zaie galdezka 13. instrukzio auzitegiko epailea, baina atxilotuek ez diete erantzun ez haren galderei, eta ezta Fiskaltzarenei ere. 14:00ak aldera jakin da aske aterako zirela karguekin, eta 15:30ak aldera atera dira guztiak, Justizia Hiritik.

Kanpoan zain zuten jendetza, eta txaloka hartu dituzte. Oriol Junqueras Ekonomia Kontseilaria eta Carme Forcadell Legebiltzarreko Mahaiko burua ere han ziren, beste hautetsi batzuen artean, eta atxilotuen familiako kide eta lagunekin batera. Besarkada estuetan bildu dira eta malkoak ere izan dira.

Hauek dira gaur aske utzi dituzten seirak: Josep Maria Jove Presidenteordetzako idazkari nagusia, Lluis Salvado Ogasuneko idazkaria; Joan Manuel Gomez Kataluniako Administrazio Irekiko Kontsortzioko kidea (AOC), Josue Sallent CTTIko estrategia eta berrikuntza zuzendaria, Rosa Maria Rodríguez Curto T-Systems-eko zerbitzuen zuzendari nagusia eta Josep Masoliver PuntCAT fundazioko sistema arduraduna.

Gaur sei utzi dituzte libre, eta gainerako zortzi atxilotuak atzo utzi zituen aske Guardia Zibilak. Ez dute inor giltzapean sartu, beraz, baina guztiek ere karguekin jarraituko dute, eta auzitegira joan beharko dute astean behin. Prebarikazioa, desobedientzia eta diru erabilera bidegabea egitea egozten diete. Auziak aurrera jarraituko du, sekretupean.

Hain justu gaur jakin da Jove kargutik kendu duela Generalitateak. Auzitegi Konstituzionalak eguneko 12.000 euroko isuna jarri zion Joveri, eta hortik libratzeko asmoz kendu dute kargutik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.