Espainiak Atenasen duen enbaxadan gaur zortzi sartu zen Mikel Zuloaga. Askatasunaren II. Flotillako kidea da idazlea, eta beste bost lagunekin batera okupatu zuen eraikina. Orain gose grebari ekin diote. Greziak Gernika ontziari nabigatzeko ezarritako debekua kentzea aldarrikatzen dute —Kretako Kolymvari uhartean daude setiatuta—. Espainiako Gobernuari presioa egin dezan eskatzen diote. Ontzia itsasoratzen utzi arte greban jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dio BERRIAri.
Zergatik ekin diozue gose grebari?
Gure ontzia itsasoratzen uztea nahi dugu momentu honetan, ontzia portutik ateratzen uztea. Espainiako Estatura joatea da gure asmoa. Libreki nabigatu nahi dugu, gure ontzia erabat legezkoa baita. Eta, horretarako, presioa egin dezan eskatzen diogu Espainiako Gobernuari.
Momentu honetan nola zaudete? Zein da zuen egoera?
Gose grebarekin eguerdiko hamabietan hasi garenez [atzo], oraindik ondo gaude. Sei lagun gaude gose greban, bi gelatan banatuta. Batzuk enbaxadako sarreran daude, eta beste batzuk enbaxada barruko gela batean.Dena ondo atera dadin lanean ari gara. Harremanetan gaude uneoro enbaxadorearekin, eta Espainiako Atzerri Ministerioarekin lanean ari gara. Gaur Kretakokapitaintzan paperak aurkeztu ditugu ontzia ateratzen utz diezaguten, eta erantzunaren zain gaude.
Gernika ontzia, berriz, portuan dago ez aurrera ez atzera. Zein egoeratan daude han?
Gernika ontziak fragata bat du parez pare, portutik irtetea galarazten diona. Horrez gain, han inguruan talde bereziak dabiltza etengabe ontzia zaintzen; ontzia setiatuta dago.
Espainiako Gobernuko norbait jarri al da zuekin harremanetan?
Bai, batez ere Atzerri Ministerioarekin ari gara lanean. Eta enbaxadorea ere egunero etortzen zaigu zerbait esatera.
Zer gertatuko da datozen egunetan? Baduzue Espainiak esku hartuko duen esperantzarik?
Printzipioz badugu esperantza, baina ziurtasunik ez. Izan ere, hitzekin jolasean dabiltza egunero. Hasieran esan ziguten idatzi bat egingo zutela, non Espainiako Gobernuak hitz emango lukeen Greziako Gobernuari presioa egingo diola, gure ontzia libre utz dezaten. Baina oraindik ez dute ez komunikaturik eta ez ezer kaleratu. Eurek diote ari direla idatzia prestatzen, baina publikoki ez dute ezer esan oraindik, eta hori da guk eskatzen dieguna. Azken finean, Espainiako Gobernuak Greziaren jarrera bera hartu du, Europa egiten ari den blokeoa sostengatzen ari baitira.
Noiz arte jarraituko duzue gose greban?
Printzipioz kapitaintzak irteteko baimena ematen digun arte egongo gara gose greban; azken finean, kapitaintzak esaten digu irten gaitezkeen ala ez. Horretarako, Espainiako Gobernuari publikoki komunikatu bat egitea eskatzen diogu gure ontzia libre utz dezaten eskatuz. Ez dadila Europa egiten ari den blokeoarekin elkarlanean aritu.
Mikel Zuloaga. Askatasunaren II. Flotillako ekintzailea eta idazlea
«Libreki nabigatu nahi dugu, ontzia erabat legezkoa baita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu