mahai ingurua

"Lider bat izan da Hugo Chavez"

Heriotzaren ondorengo egoeraz aritu dira BERRIA.INFOn Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordea, Mikel Aramendi analista politikoa, Itsaso Lekuona Askapenako kidea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria.  [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1713/[/berriatb]

2013ko martxoaren 6a
07:04
Entzun

Nicolas Maduroren adierazpenekin hasi da BerriaTBren zuzeneko saioa. Chavezengatik galdetu die lehenik Petxarromanek gonbidatuei. "Chavezek ez du diktadoretik, demokrazian lortu du agintea", nabarmendu du Aramendik. "Lider bat da, historiak uzten dituen lider esanguratsuetakoak", gaineratu du Lekuonak.

"Nik irudipena daukat Chavezi kaudillista esatea ez diela axola bere jarraitzaileei", esan du Otamendik. Lekuonaren arabera, ekarpen ideologikoaz gain, "pedagogia asko" egin du Chavezek: "Liderra da eragin dituen aldaketengatik. Hego Amerikan sortu duen batasuna hain urte gutxian, historiara pasatzeko zerbait da".

Boterean eman dituen 14 urteen gainean ere aritu dira hizlariak. Otamendik, esaterako, herri klaseari eman dion "duintasuna" nabarmendu du. Aramendiren ustetan, garrantzitsua izan da urteotan klase ertainaren sorrera gehiagotu egin dela, eta "dudarik gabe", etorkizuneko herrialde bat eraikitzeko horrekin jokatu behar dela iritzi dio.

Hauteskundeei begira

Chavezen ondorengo aroa ere begira jarri dira. Aramendik azaldu du oposizioak galdutzat ematen dituela hauteskundeak, baina Otamendik ez du horren argi: "Azken hauteskundeetan batzuek sinestu zuten gertu egon zezaketela irabaztetik, eta besteek gertu egon zezaketela galtzetik", esan du. Nicolas Maduro presidenteordea "abiapuntu polit batetik" abiatzen dela erantzun du Aramendik, eta haren ustez, hauteskunde kanpaina "grina gutxikoa" izango da.

Eta eskuinak irabaziko balu? "Eskuinak boterea hartzen badu, ez du utziko beste ehun urtetan", esan du Otamendik. Lekuona bat etorri da harekin, eta uste du Venezuelara eskuina iristen bada, inguruko hainbat herritara ere helduko dela, Ekuadorrera eta Boliviara, adibidez. Orain gobernutik zabaltzearen alde egin dutela gaineratu du, "badakitelako Chavez ez duela inork ordezkatuko".

Inguruko herrialdeekiko harremanak ere hizpide izan dituzte; ez dute aldaketa handirik aipatu. "Mercosurretik ateratzea suizidioa litzateke Venezuelarentzat", adierazi du Aramendik. Haren arabera, edonork aginduta ere Venezuela garrantzitsua izango da Brasilek dituen behar energetikoetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.