Palestinako gatazka

Liderrik ez gatazka amaiarazteko

Netanyahu eta Abbas dira azken hamarkadetako buruzagi politiko garrantzitsuetako bi. Israelgo lehen ministroaren kontra geroz eta kritika gehiago pizten ari dira hilaren 7ko erasotik; PANeko burua aspaldidanik dago jopuntuan.

Mahmud Abbas —ezkerrean— eta Benjamin Netanyahu, 2016an. B. GERSHON / EFE.
Jerusalem
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Diklak eguzkitako betaurrekoak daramatza, baina, hala ere, nabari zaio emozioa begietan. «Horixe da arazoa», erantzun du, Tel Aviveko hondartza batean dabilela, Mediterraneoa aurrez aurre. «Uste genuen seguru geundela; bagenuela segurtasuna, bagenuela armada bat. Orain, bakarrik sentitzen gara. Sentitzen dugu geure kabuz moldatu behar dugula». Israelen desplazatu behar izan duten dozenaka mila lagunetatik bost dira Dikla eta haren lau seme-alabak. Hilaren 7an mundua hautsi zitzaien, eta iparralderantz jo zuten. Hamaseko gerlariek eraso egin zioten Diklak bere familiarekin batera bizileku zuen moxav-ari: Netiv Hasara du izena, eta Gazako zerrendatik hurbil dago. «Txiripaz gaude bizirik», azaldu du. «Kitat konenut-ekoek defendatu behar izan gintuzten». Kibbutz batean modu boluntarioan komunitatea defendatzen duten herritarrek osatutako taldeak dira kitat konenut horiek. «Erdiak hilda daude orain, baina salbatu gintuzten. Zibilek defendatu behar izan gintuzten, zeren, orduak bazihoazen, eta ez zen beste inor ageri».

Israelgo segurtasunaren irudikeriak erreka jo du. Hogei egun igaro dira sarraski hartatik, eta armadak lurralde ia osoaren kontrola du, baina israeldarren %64k diote ez direla seguru sentitzen. Hamasen erasoek eragindako israeldarrek, dena den, ez dute armada jotzen gertatutakoaren erantzuletzat. «Ez nago haserre soldaduekin; haiek beren lana egiten dute», azaldu du Diklak. «Gobernuarekin nago haserre, oso». Baina, beste israeldar askok bezala, Diklak argi du: «Orain ez da horretarako garaia».

Izan ere, orain, Israelgo gizarte zibilak nahiago du bahituak berreskuratzen egin ahaleginak, eta Benyamin Netanyahu lehen ministroak ere argudio horixe erabili zuen iragan asteazken gauean: «Iritsiko da garaia, baita niretzat ere, gertatutakoari erantzun behar izateko». Eta erantsi zuen: «Baina gerraren ondoren izango da hori». Egunak joan ahala, ordea, kritikak pizten ari dira Israelen. Hango egunkari asko iritzi artikulu gogorrak argitaratzen ari dira Netanyahuren kontra. Eitay Mack abokatu eta ekintzaile israeldarrak halako testu bat argitaratu zuen Haaretz egunkarian, zeina okupazioaren kontra egon izan baita beti. Macken arabera, Netanyahu buruzagi izatea «arriskutsua da Israelen iraupen politiko eta moralerako».

Kalean ez da erraza aurkitzea Netanyahu aho bizarrik gabe kritikatuko duen inor, baina inkestetan agerian geratzen ari da oraintxe hutsaren hurrengoa dela Israelen azken hamarkadetan eraginik handiena izan duen gizonaren ospea. Maariv egunkari hebrearrak egindako inkesta batek dioenez, israeldar gehien-gehienek, %80k, uste dute Netanyahuk jendaurrean aitortu behar lukeela erantzukizuna izan duela sarraskiari bide eman zioten segurtasun oker guztietan. Armadako eta zerbitzu sekretuetako buruzagiek aitortua dute jada.

Inkestan, gainera, bada datu kurioso bat: Netanyahuren boto emaileen %69k ere uste dute lehen ministroak autokritika egin behar lukeela, eta herrialdeari barkamena eskatu behar liokeela.

Netanyahu, bere figura kalteturik, hauteskundeetarako indarra ere galtzen ari da. Gaur egun, israeldarren %28k baino ez dute uste Likudeko burua egokia denik lehen ministro izateko. Eta Netanyahuren beheraldiak Benny Gantzi egin dio mesede, antza: 2021eko bozetan Netanyahuren lehiakiderik handiena izan zenari, alegia —Gantzek ia-ia hartu zion gaina Netanyahuri—. Israeldarren %49k uste dute hark izan behar lukeela herrialdeko buruzagia. Bide batez esanda, Gantzek gidatu zuen 2014an Gazaren kontrako kanpaina militarra, eta 2.100 lagun hil ziren. Orduko hartan, Gantzek harro esan zuen «Erdi Arora» itzularazi zuela Gaza. Gaur egun, Israelgo politikaririk itzaltsuena da.

Hala eta guztiz ere, inork ez luke hiltzat jo behar Netanyahu. Israelen «Bibi aztia» esaten diote, askotariko krisi itxuraz gaindiezinak gainditzeko duen dohainagatik. Azken hogei egunetan argi ikusi den bezala, orain arriskua da Netanyahuk Gaza etengabe sarraskituz oneratu nahi izatea bere irudi politikoa. Historian beste inoiz baino jende gehiago hilko balitz eta Israelek lurrez luzaroan eraso egingo balu, Netanyahuk ospe ona lor lezake berriro, eta gerra amaitzean ez litzateke bukatuko haren erregealdia.

PANeko indarren kontra

Joan den astean, misil batek lehertu egin zuen Gazako Ospitale Baptista —oraindik ezbaian dago nor izan zen—; gau hartan, tiroketaz bete zen Ramallahko erdialdea. Nazioarteko behatzaile batzuek ez zuten ulertzen nolatan eragin zituen Gazako sarraskiak halako borrokak Zisjordaniako hiriburuan, eta are gutxiago ulertzen zuten zergatik ari ziren Zisjordanian bizi diren zibil palestinar batzuk benetako munizioz jotzen PAN Palestinako Aginte Nazionalaren segurtasun indarren kontra. Erakunde horrek gobernatzen du Zisjordania, Mahmud Abbasen agintepean.

Baina milioika palestinarrek gorroto bizia diote Abbasi. Zapuztuta daude bere alderdi Al-Fatahk jarrera kolaborazionista duelako Israelgo Estatuarekin. Berriki egindako zenbait inkestaren arabera, Zisjordaniako herritar gehienek uste dute PANek mesede egiten diela Israelen interesei, eta, aldiz, erakunde hori desegiteak on egingo liekeela palestinarren interesei.

Gorrotoa zabaltzearen ondorioz —Zisjordaniaraino zabaldu ere—, ehun palestinar pasatxo hil dira urriaren 7tik. Asko soldaduek hil dituzte; beste batzuk, berriz, kolonoek, zeinek okupazio indarren laguntza baitute. Halaxe gertatu zen, adibidez, Qusran, lurralde okupatu hartako herri batean. Hilaren 11n, lau kolono arma eta guzti herrira sartu eta tiroka hasi ziren; lau lagun hil zituzten.

Etengabe gertatzen dira halako krimenak, eta Abbasek ez du erantzuten; izan ere, azken hamarkadetan negoziatzeko joera hartua du Abbasek, baina trukean ezer lortu gabe, eta horrek sututa dauzka palestinar asko; baita politikari ugari ere. «Abbas ez da gai ezer egiteko», esan zuen Qusrako alkate Othman Hasanek atentatuaren biharamunean. «Ez da gai gu babesteko. Azkenean, gure esperantza bakarra da beste herrialde batzuek eragina izatea Israelengan [palestinarrak defendatzeko]».

«Gerran gaude, ala ez? Zer uste duzu zuk?», galdetu du Mahmudek, gazte palestinar batek. Berak erantzun du: «Gerra izan ala ez izan, gure bizimodua ez da aldatzen». Beetlemdik hurbil dagoen iheslari esparru batean bizi da Mahmud, Deheixako esparruan (Zisjordania). Berez-berez, Palestinako lurraldean dago, baina inork ez luke esango. Israelgo «okupazio indarrak» —halaxe esaten diete esparruan— txitean-pitean sartzen dira Deheixako kalexketan. Eta han bizi direnen etxean ere sartzen dira.

«Niri hamabi aldiz sartu zaizkit etxean», kontatu du Mahmudek. «Behin, lo nengoela eraso zioten etxeari. Buruan jo ninduten. Pentsa! Lo nengoela!». Hala Mahmudek nola haren lagunek hamaikatxo adibide eman dituzte. Eguneroko kontuak diren arren, umiliagarriak iruditzen zaizkie oraindik ere. Atxiloketa arbitrarioak, larderia. «Jendea hiltzen ibiltzen dira, nolanahi. Hemen bat, hor bi, han beste bat...».

Palestinarrak, zapuztuta

B'Tselem giza eskubideen aldeko Israelgo talde bat da, Palestina historikoaren errealitatea deskribatzeko apartheid hitza erabiltzera ausartu zen lehenengoa. Haren kalkuluen arabera, iaz 146 palestinar hil zituzten Zisjordanian. Mahmud-eta zapuztuta daude, halako krimenak egiten dituzten israeldarrak ez dituztelako behartzen kontu ematera, eta, aitzitik, beti beraiei egokitzen zaielako kontuak eman beharra, nolabait esateagatik. Diotenez, beti dute gainean okupatzaileen begia. «Jakina», dio Mahmudek, «Deheixatik ateratzen banaiz, atxilotuko nauten beldur ibiliko naiz. Izuak hartuta bizi gara».

Zisjordanian, PANek Al-Fatahren agintepean duen jokabideari egozten diote arazoa. Yasser Arafaten eta Osloko Akordioen alderdi historiko hori, askorentzat, kudeatzaile bat besterik ez da, lurralde okupatua okupatzaileen aginduetara gobernatzen duena. «Kolaborazionistak dira», diote Mahmudek eta haren lagunek, etsita. «Beren interesak dituzte». Halaxe dio, orobat, PANen Poliziako goi unitate batean lan egiten omen duen gazte batek, pistola gerrian. Lana behar duelako aritzen omen da horretan.

Gazteek aldaketa bat eskatzen dute. «Abbasek alde egitea nahi dugu». Berriki egindako kalkulu batzuen arabera —urriaren 7a baino lehen eginak dira, dena den—, Palestinako lurralde guztietan gaur hauteskundeak egingo balira, herritarren %35ek baino ez lukete bozkatuko Al-Fatahren alde. Hori aspalditik daki Abbasek; 2021ean, hain zuzen, alderdi horretako liderrak bertan behera utzi zituen 2006tik Zisjordanian egitekoak ziren lehen bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.