AEBetako lehia errepublikanoan ez dago ezer erabakita; are gehiago, Hego Carolinan herenegun gertatutakoak agerian utzi du Alderdi Errepublikanoak Etxe Zurirako lider sendo baten inguruan batzeko zailtasunak dituela. Mitt Romneyk zirudien gizon hori, Newt Gingrichek ia hamahiru punturen aldea atera aurretik, joan den astean. Orain, bi hautagaiek makineria osoa martxan jarri dute Floridako primarioei begira —urtarrilaren 31—. Hego Carolinan gertatutakoa atzean utzi nahiko du lehenbailehen Romneyk, eta Gingrich, berriz, han lortu duen nagusitasunari etekina ateratzen saiatuko da. Edozein kasutan, primario luze eta gogorrak izango dira presidentetzarako hauteskundeetan Obamaren lehiakidea nor izango den jakin aurretik.
Romney bere diskurtsoa gogortzen saiatuko da, Gingrichi indarra kentzeko helburuarekin. Hego Carolinan, boto ebanjelista eta Tea Partykoena jaso du Gingrichek, eta horrek erakutsi du, eskuin muturrak maite zuen Michele Bachmann hautagaia erretiratu ondoren, Gingrichengan topatu dutela helburuak betetzeko gizon egokia. Gingrichi botoa eman diotenek pentsatzen dute hura dela egokiena Obamaren politikari aurre egiteko, bozkalekuetan bertan egindako galdeketen arabera. Kontserbadoreenek gustukoen duten diskurtsoa erabili du Hego Carolinan: «Ni ez naiz ari errepublikanoen beste kanpaina bat bideratzen. Ni Washington eraldatzeko kanpaina egiten ari naiz». Kontserbadoreenek ez baitute nahi erreforma batzuetan oinarrituko den aldaketa: Etxe Zuria irauli nahi dute.
Floridan irabaztea ezinbestekoa du orain Romneyk, errepublikanoen hautagai izan nahi badu. Kanpainan darabilen dirua—Hego Carolinan Gingrichek baino bost aldiz gehiago— eta Alderdi Errepublikanoaren zuzendaritzaren babesa garrantzitsuak izango dira. Florida ez da Hego Carolina bezalakoa gainera; handia da, eta pluralagoa; AEBen ezaugarri orokorren antz handiagoa du, baina astebetean inkestak aldatu egin dira, eta edozer gerta daiteke. American Research Groupek hogei puntuko abantaila eman zion Romneyri joan den astean, eta herenegun eta atzo atera diren hainbat inkestak, berriz, besterik esaten dute. Atzo bertan Insider Advantage-k zortzi punturen aldea eman zion Gingrichi, eta, herenegun, Gallupek bost punturen aldea eman zion Romneyri. Hego Carolinako datuak bero-bero daude oraindik, eta datozen egunetan ikusi beharko da nondik nora doan boto emaileen asmoa. Dena den, eta orain artekoa betetzen bada, gehienek azken unera arte ez dute erabakitzen nori eman botoa.
Trapu zaharrak
Floridan dagoeneko bi hautagaien taldeak hitz egiten hasi dira arerioaren trapu zaharren gainean. Gingrichek, 1990eko hamarkadan, kongresua kudeaketa ezin okerragoaren ondorioz utzi behar izan zuela dute gogoan Romneyren aldekoek, baita lobby bat egin izana gobernuak babesten zuen Freddie Marc hipoteka erakundearentzat.
1990eko hamarkadan Iraultza Kontserbadorea izena eman zion mugimendua gidatu zuen Gingrichek, Tea Partyren aurrekaria. Bill Clinton presidentearen etsairik publikoena bilakatu zen, eta kongresuan bere alderdiari 40 urtean izan ez zuen gehiengoa eman zion, baina kudeaketa kaotikoa izan zuen, eta bere eskandaluek itota utzi behar izan zuen.
AEBetako buruzagien bizitza pertsonalak beste inon ez bezala eragiten du, eta Lewnsky kasuaren harira Bill Clinton presidentea ataka zailean jarri zutenen artean zegoen Gingrich, gaur egun emaztea duen emakumearekin harremana izatea leporatu zioten arte. Emakumeekin izan dituen pasadizoak ere ez ditu aldeko izan.
Dena den, berriz ere politikagintzan da, eta lehen lerroan. Kanpainan harenak egin zuela zirudienean, berpiztu egin da. Neurri handi batean, Sheldon Adelson dirudunak Hego Carolinan haren alde egin duen kanpainagatik. Floridan ere Romneyren kontrako kanpaina gogorra egiteko dirua ematekotan da.
Eztabaidetan izan duen hizketa sutsuak ere asko lagundu dio, adituen ustez. Herritarrak erakartzeko erretorika du, Romneyk ez bezala. Gingrichek esana da «Romney egokiena bilatu nahian arrautzak zapaltzen arituko balitz bezala» dabilela, diskurtsoa aldatuz estatuaren arabera.
Romneyk hori du kontra. Ez du konbentzitzen, nahiz eta alderdiko aparatua haren alde dagoen. Zergen inguruan lehiakideek aireratu duten informazioak ere ez dio batere onik egin, eta, herenegun bertan, Hego Carolinako porrota ezagutu bezain laster aurreratu zuen zergetan ordaintzen duenari buruzko informazioa argitaratuko duela. Zergen %15eko tasa ordaintzen zuela kaleratu zutenean, AEBetako herritarren batez bestekoa baino gutxiago, beheraka hasi zen inkestetan, eta, batez ere, errenta aitorpenaren gaineko informazioa publiko egiteari behin eta berriz uko egin dionean.
Liderrik gabe, errepublikanoek hautagai bila segitzen dute AEBetan
Kontserbadoreenen botoei esker, Gingrich nagusitu da Hego Carolinan; agerian utzi du Obamak ez duela oraindik lehiakide argirikRomneyk porrot egin du, ebanjelistek eta Tea Partykoek Gingrichi eman baitiote boza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu