Likudeko militanteek ordu batzuk gehiago eman dizkiote Benjamin Netanyahu alderdiko buru eta jarduneko lehen ministroari. Izan ere, goizaldean jakinarazi dutenez, ez dituzte alderdi barruko bozak egingo, oraingoz. Arnasa, ordea, asteazken gauera artekoa soilik da, orduan jakingo baita Israelek gobernu berria izango duen, edo hirugarrenez joan beharko duen hauteskundeetara.
Ustelkeria egotzita auzipetua dago Netanyahu, eta, hori dela eta, primarioetara deitu zuten alderdi barruan, baina jarduneko buruzagiak berak egindako proposamena babestu dute azkenean militanteek: alegia, barne bozik ez egitea harik eta jakin arte ea hauteskundeak egingo diren edo ez.
Adituak, ordea, ez daude batere baikor, eta ziurtzat jotzen dute bozak egingo direla. Hori hala balitz, urtea bukatu baino lehen egingo lirateke, eta bi izango lirateke hautagaiak, Netanyahu bera eta Gideon Saar diputatua.
Avichai Mandelblit fiskal nagusiak Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroa ikertu du hiru urte luzez, eta, iragan urrian hura galdekatu ostean, atzo jakinarazi zuen «nahikoa froga» bildu dituztela delitu hauengatik inputatzeko: iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra.
Bien bitartean, gobernua osatzeko negoziazioak blokeatuta daude oraindik ere. Benny Gantz oposizioko Urdina eta Zuria koalizioko buruak eta jarduneko gobernuburuak ez dute lortu parlamentuaren gehiengoak babestuko duen akordiorik. Asteazken gauerdia baino lehen adostasunik izan ezean, hauteskundeetara deitu beharko dute 90 eguneko epean.
Aldi berean, baina, Netanyahuk berak ere immunitatea galduko luke. Hori dela eta, buruzagi kontserbadorea ahaleginak eta bi egiten ari da hautatua izateko. Joan den larunbatean, esaterako, parlamentuak bi hautagaien artean zuzenean aukeratu zezala eskatu zuen.