Lisboako Ituna bateragarria da Alemaniako zuzenbidearekin. Halaxe ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak, Behe Ganberako 50 diputatuk jarritako helegiteari erantzunez. Konstituzioa urratzen zuela argudiatuz, izan ere, CSU Batasun Sozial Kristauak -Angela Merkelen alderdiaren Bavariako adarra- eta Ezkerrak Konstituzionalera jo zuten. Orain, auzitegi horrek oniritzia eman dio Lisboako Itunari, baina bi alderdi horien eskariak aintzat hartuta, tratatua berretsi baino lehen, herrialdeko zuzenbidea moldatzeko agindu die legegileei. Hala egiten ez duten bitartean Horst Kohler presidenteak ezingo du Lisboako Ituna sinatu. Horrek tratatua izenpetzea ezinbestekoa da berreste prozesuari amaiera emateko.
Auzitegi Konstituzionalak ezinbestekoa deritzo Alemaniako Behe eta Goi Ganberei EBren baitan hartuko duten erabakietanparte-hartze handiagoa bermatzea. Alde horretatik, itunari laguntzen dion araudia eskasa dela uste du, eta, ondorioz, osatu egin behar dela ebatzi du.
Bundestag edo Behe Ganberako ordezkariak ez du askorik itxaron datorren hilerako, abuzturako, saio parlamentario bat deitu dutela jakinarazteko. Ezohizko saioa izango da ordukoa, Konstituzionalak agindutakoari jarraiki, lege erreformaren lehen irakurketa egiteko balioko duena. Bigarren saio parlamentarioaren data ere, halaber, zehaztu dute: datorren irailaren 8an izango da. Orduan, erreforma onartzeko moduan izango direla uste dute.
«Gure esku dagoen zerbait da jada. Laster gertatuko da, hortaz», adierazi du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak. Irailaren 27an egingo dituzte Parlamenturako bozak; itunaren berrestea hauteskunde horiek baino lehen egin nahi ditu Gobernuak, dena ondo irtenez gero, 2010ean indarrean sartuko lutzatekeelako.
Angela Merkel lehen ministroa ere baikor agertu da Konstituzioaren sententziaren berri jakitean: «Gaurkoaegun ona da Lisboako Itunarentzat. Tratatuak beste oztopo bat gehiago gainditu du».
Lisboako Itunak Konstituzioa errespetatzen duela ebatzi dute Alemanian
Konstituzionalak oniritzia eman dio EBko erakundeak aldatuko dituen tratatuari, baina, berrestea atzeratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu