Mundua

Lisboako Itunaren berrespen prozesuarekin jarraitzeko akordioa sinatu dute EBko kideek

Txekiar Errepublikako Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman arte ezingo duela berretsi onartu dute. Ondorioz, estatu horrek ere itunarekin aurrera jarraitzearen alde bozkatu du, gaur arte ezezko jarrera azaldu duen arren. Irlandari urrira arte luzatu diote ezezkoaren inguruan gogoeta egiteko denbora.

2008ko ekainaren 20a
18:46
Entzun
Europako Batasunako (EB) herrialdeek Lisboako Itunaren berrespen prozesuarekin jarraitzea erabaki dute gaur, Bruselan. Pasa den ostiralean Irlandan ezezkoak irabazi zuen itunaren erreferendumean, eta ezinegona sortu zen EB osatzen duten hogeitazazpi estatuen artean.

Txekiar Errepublikak ere bat egin du gaurko akordioarekin. Karel Shwarzenberger Txekiako Atzerri ministroak Alemaniako eta Eslovaniako ordezkaritzekin eginiko bileraren ostean eman du erabakiaren berri. Gaur arte, Europako Batzordeak Lisboako Ituna onartu ez duten estatuen gainean presioa egitearen kontra azaldu da, oraindik beren Konstituzio Auzitegiak ez baitu itunaren inguruko erabakirik hartu. Gaur ordea, aldeko azaldu da, Txekiako Konstituzio Auzitegiaren emaitzaren zain geratzea onartu baitute testuan beste estatuek.

Irlandari begira berriz, gogoetarako denbora urrira arte luzatzea erabaki dute EBko hogeitazazpi kideek. Izan ere, ezezkoa nagusitu zen pasa den ostiraleko erreferendumean: botoen %53,4 lortu zuen ezezkoak, eta 46,6 baiezkoak.

EBko 19 estatuk onartu dute jadanik Lisboako ituna, eta beste zazpitan erabakitzeke dago - Suedia, Txipre, Holanda, Italia, Espainia, Belgika eta Txekiar Errepublika-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.