Londresko gobernuak gaur jakitera eman du bururaino eraman duela Lisboako Ituna berresteko prozesua. "Berreste prozesua Erroman utzi dugu", azaldu du Erresuma Batuak Europarako duen Estatu idazkari Jim Murphyk.
Joan den ekainean Ituna berresteari argi berdea eman zion Westminsterko legebiltzarrak. Hiru irakurketen ondoren ontzat jo zuten ordezkariek. Prozesua lehenago hasi zen, martxoan, Komunen Ganberak onartu ondotik, baina Stuart Wheeler aberatsak -Alderdi Kontserbadorearen diru emaile nagusia- jarritako helegiteak hura luzatu egin zuen.
Izan ere, Wheelerrek salaketa jarri zuen Londresko gobernuak -laboristen esku- ez zuelako erreferendumik antolatu nahi, Tony Blairrek lehen ministro zela -iaz arte- galdeketa antolatuko zuela agindu bazuen ere. Egungo lehen ministroak, Gordon Brownek, ez zuen Blairren promesa bete nahi izan, eta horrexegatik jarri zuen helegitea tory-en sostengatzaileak. Horiek hala, Ingalaterra eta Galesko Auzitegi Nagusiak ebatzi arte, airean geratu zen berreste prozesua. Epaileek erabakia Irlandak erreferendumean Itunari ezezkoa eman aurretik hartu bazuten ere, gerorako utzi zuten jakinarazpena, irlandarren botoan ez eragiteko. Azkenean ekainaren 25ean ezagutarazi zuten beren epaia: Wheelerren helegitea ez zuten aintzat hartu, eta Londresek Lisboako Itunaren berreste prozesua herritarrei zuzenean galdetu gabe burutzea ahalbidetu zuten.
Hala, hirugarren eta azken irakurketa ekainaren bukaeran egin zuten Lorden Ganberan, eta han ere onartu zuten. Gainera, Ingalaterrako erreginak, Elizabeth II.ak, oniritzia eman zion.
EBko 27 estatu kideen berrespena, ezinbestekoa
Nolanahi ere, Lisboako Ituna -Europako Konstituzioaren %96 da, kritikoen esanetan- indarrean sartu ahal izateko, derrigorrezkoa da EBko 27 estatu kideek hura berrestea. Erresuma Batuaz gain, beste hainbat estatuk berretsi dute dagoeneko, eta herritarrei zuzenean galdetu dien estatu bakarrak, Irlandako Errepublikak, ezezko ozena jaso du herritarrengandik. Dublingo agintariek Itunaren aldeko kanpaina handia egin arren, espero ez zuten emaitza lortu zuten. Irlandako Konstituzioak behartuta antolatu behar izan zuen Dublinek erreferenduma. Gainerako estatu kideetan ez da hala gertatu.
Aste honetan EBko txandakako presidente Nicolas Sarkozyk esan du irlandarrek "berriz" bozkatu beharko dutela Lisboako Itunaren gainean.
Frantziako estatuko herritarrek eta Herbeheretakoek Europako Konstituzioa errefusatu zuten 2005ean, eta horrek krisi latza eragin zuen EBn. Irlandarrek -britainiarren menpeko zatikoek izan ezik, ez zietelako utzi- eta danimarkarrek Nizako Ituna errefusatu zuten 2001ean, baina beren agintariek Bruselarekin negoziatu ondoren, galdeketak berriro egin, eta orduan beren gustuko emaitza lortu zuten, baiezkoa.
Irlandako Errepublikako herritarren oraingo ezetzak krisia eragin du berriz Bruselan.
Mundua
Lisboako Itunaren berreste prozesua osorik burutu du Londresek
Epaileek kontserbadore baten helegitea errefusatu eta Legebiltzarrak hiru bider onartu ondoren bukatutzat jo dute prozesua. Irlandak Ituna erreferendumean errefusatu duenez, oraingoz ezin dute hura indarrean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu