Iragarri bezala, Dublinen da gaur Frantziako presidente Nicolas Sarkozy, abendua arte EBko txandakako presidente ariko dena. Irlandako lehen ministro Brian Cowenekin batera irlandarrek Lisboako Itunari ekainean erreferendumean emandako ezetzari aterabide bat aurkitzea da bileraren helburua. Ehunka lagunek protesta pankartekin hartu dute Sarkozy, erreferenduma berriz egitearen kontrako eta nekazarien baldintzak hobebetzearen aldeko leloekin. "Ezin da galdeketa errepikatu. Itun berria da behar dena. Sarkozyk hori entzun beharra dauka", adierazi du Sinn Feineko eledun batek protestan.
Irlandaratu aitzin Sarkozyk azaldu zuenez, EBn berriz sortutako krisia konpontze aldera, Irlandako Gobernuarekin adostutako metodo -eta ahal dela aterabide- bat proposatzea da Bruselaren asmoa. Urrian edota abenduan egitea aurreikusten du Sarkozyk.
EBko txandakako presidentearen iritziz, Lisboako Ituna "funtsezkoa" da Europako Batasuna hedatu eta egokitu ahal izateko.
Sarkozyk, EBko txandakako presidentetza hartu eta egun gutxira, uztailaren 10ean, nabarmendu zuen EBk ez duela itun berria negoziatuko. Iragan ekainean Irlandako Errepublikako herritarrek Lisboako Itunari erreferendumean ezezkoa eman ondoren EBn sortutako krisiak kezkatuta dauzka agintariak baina, Sarkozyren idurikotz, itunari eutsi egin behar zaio, EB hedatu eta egokitu ahal izateko "funtsezkoa" delako.
Agintari eskuindarraren esanetan, iaz Frantzian presidentetzarako hauteskundeak egin aitzin frantziarrei iragarri zien ez zuela beste erreferendumik antolatuko, kasu honetan Lisboako Ituna berresteko. Irlanda izan da EBko estatu kideetan bakarra ituna erreferendumean bozkatzeko aukera eman duena, ez Gobernuak hala nahi zuelako, Konstituzioak agintzen ziolako baizik. Gainerako estatu kideetan Legebiltzarrean berresten ari dira, herritarrei ahotsa eman gabe.
Lisboako Itunaren aurretik, Europako Konstituzioa -ituna konstituzioaren edukien %96 duela salatu dute kritikoek- bozkatu zuten EBko estatu kideek. Frantziako estatuko herritarrek eta Herbeherekoek ezezkoa eman zioten galdeketa banatan, 2005ean, eta horrek sekulako krisia eragin zuen Europako Batasunean. Beste estatu kide batzuek baiezkoa eman zioten, tartean Espainiako estatuko herritarrek. Bruselak, halere, krisia piztu zenean berreste prozesu hura eten egin zuen.
Urte batzuk lehenago, 2001ean, Nizako Ituna bozkatu zuten erreferendumean. Irlandarrek ezezkoa eman zioten orduan ere, baina Bruselaren eta Dublinen arteko negoziazio batzuen ondotik, berriz egin zuten galdeketa, 2002an, eta "herritarrei beldurra eragiteko kanpaina" baten ondorioz -kritikoen esanetan- baiezkoa eman zioten. Danimarkan antzekoa gertatu zen.
Orain Sarkozy eta EBko gainerako gobernuburu eta agintarien kezka da ea zer gertatuko den Europako Legebiltzarrerako 2009an egingo dituzten hauteskundeetan. Aurreko bozetan herritarren motibazio eza izan da nagusi, eta parte-hartze txikia eragin du horrek. Horri buelta nola eman aztertzen ari dira agintariak, Europarako eredu neoliberala eta estatuetan zentratua -nazio eta herrialdeetan izan beharrean- sendotzeko.
Mundua
Lisboako Itunaren geroa aztertzen ari dira gaur Sarkozy eta Cowen Dublinen
Irlandak Ituna erreferendumean errefusatu ondoren, erabaki horri nola egin aurre izango dute hizpide Europako Batasuneko txandakako presidenteak eta Irlandako lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu