Parisko ipar-mendebaldean abiatu liskarrak bertze eskualdeetara hedatzen ari dira, kalteen zerrenda handiagoa bihurtuz oraindik. Ostiral gauean eta atzo goizaldean 900 ibilgailu erre zituzten Hexagonoan. Horrez gain, anitz dira eraso dieten saltegi, eskola, kiroldegi, garraioeta egoitza publikoak. Istiluak hasi zirenetik hamargarren eguna bete da eta baretu ordez, egoerak okerrera egin du.
Ez da gehiago Polizia eta gazteen arteko borrokaldi lerrokaturik. Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak 1.300 polizia igorri zituen ostegunean Seine-Saint-Denis departamendura. Polizia kopuruaren aitzinean oldarraldiak hiriko gerrillaren eitea hartu du. Gazteak talde txikitan biltzen dira, helburu zehatz bati eraso eta berehala desagertzen dira ongi ezagutzen duten ingurumenean.Joan den ostirala arteko bilduma aski adierazgarria da. Seine-Saint-Denis departamenduan 1.300 auto erre zituzten, 519 azaroaren 3tik 4rako gauean. Poliziak 266 pertsona atxilotu zituen eta horietako 65 auzitara eraman. 17 pertsona espetxeratzea ebatzi zuen epaileak. Ostiral gauean soilik, Poliziak 250 pertsona atxilotu zituen, abantzu bederatzi egunez atxilotutako jende kopuru bera. Ia 900 ibilgailu suntsitu zituzten.Istiluen kokagunea aldatzen ari da ezinegonaren orokortasuna agerian utziz. Seine Saint Denis departamenduan 132 auto erre zituzten ostiralean (lehen 205). Alta, Val-d'Oisen 120 auto kiskali zituzten, Essonen 115, Hautes de Seinen 100 pasa eta Val de Marnen 74. Tolosa edo Paue bezalako hirietara ere hedatu ziren. Paris hirigunean ere lehen autoak erre dituzte. Bretainian ere istiluak izan dira, Naoned eta Roazhon hirietan.
Kritikak Sarkozyri
Nicolas Sarkozy Barne ministroaren hitzek bihotz-bihotzean zauritu dituzte bizigune txiroenetako biztanleak. Hirigune horietako «zaborra» ur pistolaz garbituko zuela agindu zuen Sarkozyk. Hitz horiek eta ondoko liskarrek alderdi politikoen gaitzespena eragin dute Frantzian, ezker eta eskuinera.
Sarkozyren dimisioa eskatu dute ezkerreko indar politiko gehienek, horien artean LCR, Alderdi Komunista eta Berdeek. Alderdi PSFko diputatu batzuek dimisioa eskatu duten arren, alderdiko zuzendaritzak ez du erabakirik hartu, dimisioak oinarrizko arazoen konponketa ez lukeela ekarriko argudiatuz.Eskuin muturretik segurtasun egitasmoa bururaino ez eramatea leporatzen diote Sarkozyri. Izan ere, berriki eta kasu jakin batzuetara mugatuz Sarkozyk etorkinentzako boz eskubidea ematearen alde azaldu da. Azkenean Dominique de Villepinen gobernuak bat egin du arazoari konponbidea atzemateko gutiziaz. «Atxiloketak dira gakoa», adierazi du Sarkozyk. Estatu Errepublikarrak bortizkeria ezin duela onartu azaldu du. Norabide horretan Villepinek krisialdi bilkura egin zuen atzo zazpi ministrorekin.Larrialdiko beharra liskarrekin bukatzea dela irizten badioere, dagoeneko krisialdia ondorengo neurriak aztertzeari ekin diote. Honako hauek dira bilkuran egon ziren ministroak: Jean Louis Borloo (Enplegua), Thierry Breton (Finantzak), Giles de Robien (Hezkuntza), Pascal Clement (Justizia), Azouz Begag (Aukera Berdintasuna), Jean Francois Cope (Aurrekontuak, Gobernuko bozemalea) eta Catherine Vautrin (Gizarte kohesioa).Anartean, istiluek gero eta eragin handiagoa daukate garraio publikoan. Ostiralean RER tren zerbitzuko langile bati eraso zioten. Ondorioz langileek greba abiatu dute erasoa salatzeko. Tren zerbitzuetako langileak atzera egiteko eskubidea baliatzen hasiak dira, bizia edo osasuna arriskuan dagoen egoeretan zerbitzua ez bermatzeko eskubidea baitute.Autobus gidariek ere jarrera bera har dezakete. Ostiralean, konpainiak hartu zuen autobusak norabide batzuetara ez igortzeko erabakia. Seine Saint Denis departamenduko 70 autobusetatik 33 bertan behera gelditu ziren istiluen beldurrez.
Bestalde, milaka pertsonak manifestazio isila egin zuten atzo Aulnay-sous-Bois herrian bortizkeria salatzeko. Manifestazioa suhiltzaileen egoitzatik abiatu zen, elkartasuna adierazteko.
-
GOBERNU KRISIA
Villepinek eta Sarkozykbat egin dute
Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroaren hitzek piztu dute sua, Parisko auzoak «zaborretatik» garbituko zituela adieraztean. Sarkozyren kontrako jarrerak ez daude antolaturik baina ez dute iparra galtzen. Gazte edo zahar, Sarkozy jotzen dute hobendun eta haren dimisioa eskatzen dute. Dominique de Villepin gobernuburuak, lehen egunotan Sarkozy bakarrik utzi ondoren, baturik agertzea deliberatu du eta krisialdi batzarra osatu dute. Liskarrak pairatu dituzten departamenduetako arduradunak ere bilkurara deitu dituzte Frantziak ozenki aldarrikatu integrazio politikaren porrota islatzen dute oldarraldiek. Istiluak urrutiko departamenduetara hedatzen ari diren unean Gobernuak ahots bakarrez aritu nahi du.
Auzotegi txiroen eraberritze plana indartuko dute
Istiluak hedatzen ari diren unean Frantziako Gobernuak indartu nahi du auzotegi txiroenak eraberritzeko plana. Egitasmoa ez da gauzatu azken 25 urteotan. Horrekin batera gizarte kohesiorako plana ere iragarri dute, 15.000 milioi euro baliatuz horretarako. Jean Louis Borloo Frantziako Enplegu ministroak azaldu du duela 18 urte abiatu hirigintza plana burutzeko 25.000 milioi euroko partida onartu zela. Etxegintza parkea eraberritzea, industria guneak osatzea eta bizi kalitatea hobetzea agertzen dira egitasmo horretan. Bertzalde Domnique de Villepin lehen ministroa Parisko Meskitako zuzendariarekin bildu da.
Oldarraren suan herra irakiten
Hamar egun sutan. Paris inguratzen duten auzotegi eta herrietan haserrea da nagusi; gazteek Estatua irudikatzen duen orori su ematen diote baita oparotasunaren ikur diren autoei ere
Aitor Renteria -CLICHY SOUS BOIS
Berriemaile berezia
L
asai baina kezkatuta dago Paris. Jendeek egunkariaren haritik aipatzen dituzte «gertakariak», egunerokotasunaren uztarpean edozein gairi heltzeko ondoren. Izan ere gertakariak banlieu deritzon Parisko gerriko zabalean gertatzen ari dira, ez Parisen bertan.
Protestak abiatu ziren Clichy-sous-bois herrira joatean ulertzen has daiteke hango urrutiko biztanleen kezkak. Iparraldeko geltokian RER trena hartu behar da, Chelles Gournayko norabidean. Le Raincyn jaitsi eta autobusa hartu. Oren luzea behar da haraino heltzeko. Trenetan eta autobusetan sartu aitzin bi aldiz pentsatu behar da, mukurru beteak doazelako bidaia bakoitzean. Eta hirigunerako bidea egiten dutenek bizpahiru oren beharko dituzte joan-jina egiteko. Gerrikoa gerritik urruti dago.Bidaian aintzinatu ahala gatazkak hurbilago daude, gehiago aipatzen dira, bertze intentsitate batez. Ingurumena ere aldatu da. Pariseko etxe aberatsen ordez molde bereko eraikinen segida dago, dorre erraldoiak tartekatuz han-hemenka. Bidaiarien aurpegietan, zuria izan ezik, gainerateko kolore guztiak nahasten dira, nabar argitik beltzera. Maroko, Senegal, India edo Aljeriako jantziek ere hiriguneko traje dotoreen tokia hartu dute.Oihan baten inguruan eraiki dituzte Clichy eta Aulnay bezalako herriak. Etorkinak jin ahala hedatu dira, kanpotik ekarritakoari azken txokoan tokia egiten zaion legez, gero eta urrunago.Clichyko Le Bousquet auzotegian izan dira gatazkarik bortitzenak. Urriaren 27an bizia galdu zuten bi gazteen heriotza salatzeko, sua bilakarazi zuten haserrearen adierazgarri.Autobus geltokiaren aitzinean garai batean zuriz tindatu etxebizitza erraldoiak daude, lerroan. Aparkalekuan, autobus geltokitik hamar metrora, kamioi bat errea. Ezkerreko eraikinaren aitzinean bi auto kiskalita. Jendeak zalu dabiltza. Eskuko argazki kamarak barrandari dabiltzanen uzkurdura eragiten du. Alegia deus ez, kanpotik heldu den kamaraduna nor den jakin nahi dute. Haien etxea da eta ez zaizkie kamarak laket.Eskolatik atera berriak dira gazteak eta asteburua dute aitzinean. Baina azken aste luzean bizi izan dutena taiutzen ditu gogoetak eta gogoak. Zer egiten duen galdetu diote kazetariari. Euskal Herritik jina dela entzutean harridura azaltzen dute. Batzuek ez dakite non dagoen ere. Bertze batzuek bi tokietan arazoak daudela diote. «Horrenbeste kilometro egin dituzue gure berri jakiteko?» galdetzen du gazte batek sinesgaitz. Hala ere eskertzen dute hitza ematea. Beren bizia da eta haiek dira protagonistak, onerako edo txarrerako, baina funtzio hori bederen, bete nahi dute.
Poliziaren bortizkeria
Lurrean jipoitu eta armekin mehatxu egin dietela salatzen dute gazteek
«Guk bi gazte horien heriotza salatu nahi genuen» dio Rachidek, (19 urte). Mesfidati hastapenean, ez du zuzen aitortzen gatazketan parte hartu duenik baina egunez eguneko jarraipena egin du tarrapataka, azalpen zehatzak emanez. «Gaztea eta kolorekoa izatea aski da poliziek nardatzeko». Bere auzotegiko gazteak harrika hartu dituzte poliziak, aste osoan. Rachidekin bertze gazte bat dago, 18 urtekoa. «CRSak itsu-itsuan egin zuten eraso, aitzinean zeukaten guztiaren kontra» azaltzen du. Babesteko ihes egin zutela dio. Etxebizitza batetik sartu eta ondokotik atera, bertze batera pasatzeko. «Atarian harrapatu gintuzten eta lurrean etzanarazi. Ostikoka erabili gaituzte». Hirugarren gazte bat agertu da. Harriduraren harriduraz azaltzen du lurrean atxiki zutela, polizia batek bizkarra zapaltzen ziolarik,pistola buruaren kontra tinkatuz. «Tiroak ihes egin izan balio zer zatekeen, bertze istripu bat?».
Nortasunaz harro
Komunitate osoaren kontrako mespretxutzat jo dute Sarkozyren iraina
Badakite ez direla aberatsak. Badakite ez direla Parise ospetsuan bizi. Badakite ez direla zuriak. Badakite bizia maldan gora dutela bizi diren tokian bizitzeagatik. Deusen jabe ez izateak beta bakarra uzten die, nortasunaz harro agertzea. «Gu bezalako jendaila ur-pistolaz garbituko zuela dio Sarkozyk baina guk garbituko dugu bera». Ez dute planetamendu politikorik egiten. Gertakarien ordainean eskari desorekatua azaltzen dute, Sarkozyk dimisioa ematea edo barkamena eskatzea.
Sinesmenen errespetua
Meskitari erasoa egin ondoren Sarkozyk barkamena zor duela diote
Istiluak baretze aldera zeudelarik poliziak gas negargarriak jaurtiki zituen Le Bousqueteko meskitaren aurka. Ramadan garaia zen eta horrek herra eragin du. Le Bousquet aldean marokoar etorkinak dira gehiengoa. Ondoko auzo eta herrietako familien artean berehala zabaltzen dira mezuak, gazteen artean sms-z bereziki. «Zuek zer eginen zenukete musulman batek gasa botako balu eliza katoliko baten kontra? Oldartu, guk egin dugun bezala» dio autobusean zahar batek. Gertakariak giroa sutu badu ere, bigarren plano batean agertzen da erlijioaren kezka. Istiluak zeuden aitzinetik eta meskitako gertakariak erragaia bota dio suari. Baina sua egon bazegoen. Horren adierazle, Islama nagusi den zenbait auzotan ez dela oraindik istilu larririk egon.
Enplegua
Gazteek uste dute ez dietela lanik emanen Clichykoak direla jakitean
Clichy-sous-boisen %50era heltzen da langabezia tasa. Eskola porrota handia da eta gazteek neke dute lan munduko zirrikituetatik lerratzea. Istiluen ondorioz kurrimulumean Clichykoak direla irakurtzean enpresa buruek lana ukatuko dietela uste dute. Geroari buruz ateak itxita ikusten dituzte eta daukaten egoerak etsipenean murgiltzen ditu. «Gure haurrak eta ilobak dira gatazketan parte hartzen ari direnak» dio autobuseko zaharrak. «Alde batetik beldurra ematen du baina erabat sostengatzen ditut, ez dutelako bertze aterabiderik».
Arrazakeria
Integrazio ezina arrazakeriaren ondorio zuzena da
Clichyrako trenean emazte beltz batek arazoen bertze ikuspegi bat azaldu du. Bera Pariserako erdibidean bizi da. «Parisera heldu ahala gero eta urrunago igortzen dute jendea». Botere ekonomikoa zurien esku dagoela azaltzen du. «Noiz ikusi dituzue telebista aurkezle beltz edo arabeak, noiz enpresaburu beltzak?». Bere iritziz, arrazakeria eta bereizketa daude Frantziako gizarte sistemaren oinarrian eta zenbat eta gehiago iraun, gero eta gehiago haziko da ezin bizia. «Gobernua bota behar dugu. Ezkerrak ere ez zuen funtsezko aldakaterik eragin baina bederen ez gintuzten horrela iraintzen eta jipoitzen».