Marokoko hiriburuko Mohamed V.a Unibertsitatean liskarrak jazo dira Poliziaren eta ikasle saharar batzuen artean. Azken horiek 25 urteko lagun baten hilketagatik protesta egiten ari ziren. Izan ere, Hamadi Iadar gaztea hil zuten herenegun gauean Rabaten, liskar batean. Sastada bat eman zioten, eta erruduna ez dute oraindik atxilotu.
Gazte sahararrek tranbiari sabotajea egin zioten. Horrez gain, unibertsitateko egoitzako bi bulegori sua eman zioten, eta hainbat eraikinetako kristalak hautsi zituzten harriak jaurtiz. Hasiera batean unibertsitateko ikasleen egoitzako zuzendaria ere atxiki zuten, baina denbora gutxira Poliziak aske utzi zuen. Iadarren hilketa salatzeko egin zituzten protesta horiek.
MAP berri agentziaren arabera, gertakariak argitzeko eta gaztearen hilketaren erantzulea atxilotzeko ikerketa abiarazi du Polizia judizialak.
Presoen aldeko protestak
Bestalde, apirilaren 11n hamalau preso politiko saharar aske utzi zituztela ospatzeko, hainbat manifestazio egin dituzte egunotan Aaiunen, Mendebaldeko Saharan.
Presoak aske utzi zituzten egunean Aaiungo espetxearen atarian bildu zirenak indarrez sakabanatu zituen Poliziak. Sahararen independentziaren aldeko oihuak egin zituzten, eta preso politikoak aske uzteko exijitu zuten. Hainbat lagun zauritu zituen Poliziak, eta horietako batzuei zauri larriak eragin zizkieten.
Gerora hainbat manifestazio antolatu dituzte. Besteak beste, Fadel Uld Med Lahbib preso politikoaren sendiaren etxearen atarian bildu ziren hainbat lagun.Saharako preso politiko guztiei egiten zaien bidegabekeria salatzeko zen bilkura.
Azken hilabeteotan, herrialde arabiarretako protestak adoretuta, Marokon ere herritarrek kalera egin dute erreforma politikoak exijitzeko. Mohamed VI.ak hainbat preso politiko aske utzi izana herritarren haserrea baretzeko neurria izan dela uste dute. Gaur ere protestak espero dira.
Liskarrak jazo dira Marokon, gazte saharar baten hilketaren ondorioz
Poliziak jakinarazi du gaztearen hilketa argitzeko ikerketa bat hasi duela; oraingoz ez dute inor atxilotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu