Zine El Abidine Ben Ali Tunisiako presidentearen promesek eta neurriek ez dute lortu duela hiru aste sortutako liskarrak gerarazterik. Gainera, protesta egileen eta Poliziaren arteko borrokari zenbakien borroka bildu zaie. 21 lagun hil dira istiluetan, gobernuaren arabera; 50 lagun, berriz, oposizioaren eta sindikatuen arabera.
Bi urteko epean 300.000 lanpostu sortuko dituela hitzeman zuen astelehenean Ben Alik. Herrialde osoko eskolak eta unibertsitateak ere itxi zituen, liskarrak baretze aldera. Baina bere ahaleginek ez dute balio izan. Astelehenetik asteartera bitarteko gau osoan liskar larriak izan ziren Kairuan, Susa, Gafsa eta bereziki Kasserine hirietan. «Teilatuetatik tiroka ari ziren frankotiratzaileak, eta zibilez jantzitako poliziek dendak eta etxebizitzak garbitu zituzten», salatu du Sadok Mahmudi UGTT sindikatuko eledunak.
Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak astelehenera bitartean Tunisiako liskarrek 35 heriotza eragin zituztela salatu zuen atzo Parisen. Bestalde, Amnesty International erakundeak «errepresio kanpaina» salatu eta gutxienez 23 hildako ziurtatu dituela adierazi du.
Poliziaren oldarraldia
Tunisiako hainbat artistak eta PDP Alderdi Demokrata Progresistak deitutako manifestazioa indarrez debekatu zuen atzo Gobernuak Tunisia hiriburuan. «Poliziak biolentzia handiz egin zien eraso manifestariei», salatu du Maja Zribi PDPko idazkari nagusiak. Astearte goizaldean bere alderdiko zazpi kargu atxilotu zituztela ere salatu du Zribik.
Joan den abenduaren 17an sortu ziren istiluak Tunisian. Mohamed Buazizi 26 urteko gazteak bere buruari su eman zion Sidi Buzid herrian. Ekintza horrekin administrazio abusua salatu nahi izan zuen, poliziak kalean saltzen zituen frutak eta barazkiak konfiskatu baitzizkion kalean saltzeko baimenik ez zuelako. Goi mailako ikasketak izanda, lanik barik zegoen Buzid. Urtarrilaren 4an hil zen, Tunisiako hiriburuan, erreduren ondorioz.
Liskarretan 50 lagun hil direla baieztatu du Tunisiako oposizioak
Ben Ali presidenteak unibertsitateak eta eskolak itxi ditu istuluak saihesteko, baina ez du lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu