Segurtasun neurri handiekin egin dituzte aurten Yemen iparraldearen eta hegoaldearen arteko batasunaren 22. urteurreneko ospakizun ekitaldiak. Herenegun Al-Qaedak Sanan eginiko eraso suizidan ehunka militar hil baziren ere, ekitaldiekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Abd Rabu Mansur Hadi presidentea ospakizunetan izan da, Poliziak erabat inguratuta, baina ez du adierazpenik egin. Haren ordez, Ali al-Axwal jeneralak hitz egin du: «Terroristen erasoek ez dituzte Yemengo herritarren ametsak eta etorkizuna geldituko. Herenegungo eraso basatia egin zutenak harrapatu eta geldiaraziko ditugu».
Militarrez jantzitako Al-Qaedako kide batek bonba bat zartarazi zuen hiriburuko Sabein plazan herenegun, soldaduak ospakizunerako prestakizunetan ari zirenean. Erasoan 120 militar hil zirela eta 350 zauritu zirela jakinarazi du gobernuak.
Al-Qaedak bere gain hartu du erasoaren erantzukizuna, eta jakinarazi du haren helburua zela Yemengo Defentsa ministro Mohamed Nasser Ahmad. Defentsa ministroa plazan zegoen erasoaren unean, baina onik atera zen erasotik.
AEBak, «kezkatuta»
Yemengo egoerarekin «kezkatuta» dagoela adierazi du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak, NATOk aste honetan Chicagon egindako goi bileran: «Yemenen Al-Qaedak duen indarrarekin kezkatuta nago. Yemenen trantsizio nahiko baketsua egitea lortu dute, baina herenegungo erasoak agerian utzi du lana ez dagoela inolaz ere amaituta». Obamaren arabera, Yemene herrialde pobrea eta ezegonkorra da, oraindik ere, eta horrek Al-Qaedari mesede egiten dio. Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere erasoa «gogor» gaitzetsi du.
Azken hilabeteetan Al-Qaedak hainbat eraso egin ditu Yemen hegoaldean, baina hilaren amabian armadak taldearen ezkutalekuen aurkako ofentsiba hasizuen. Erasoetan ehunka lagun hil dira, gehienak ustezko talibanak.
Liskarrik gabe ospatu dute Yemenen batasunaren urteurrena
Ekitaldiak segurtasun neurri handiekin egin dituzte; Gobernuak dio 120 soldadu hil zituela Al-Qaedak herenegun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu