KATALUNIA

Lituaniako lehen ministroa, Kataluniaz: "Herrialde orok du autodeterminaziorako eskubidea"

Algirdas Butkevicius "oso pozik" azaldu da herrialde baltikoek 1989an osatutako giza kateak "inspiratu" duelako Via Catalana. Europako Batasuneko presidentetza du Lituaniak urte amaierara arte. Atzo, Katalunia estatu independente gisa onartzeko prest azaldu zen Letoniako lehen ministroa.

Algirdas Butkevicius.
2013ko irailaren 14a
18:03
Entzun

Atzo Letonia, eta gaur Lituania. Diada igaro berritan elkarrizketatu zuen Letoniako lehen ministro Valdis Dombrovskis ACN Kataluniako albiste agentziak, eta, Letoniako Gobernuak jarrera ofizialik ez duela hartu argi utzi arren, Katalunia independente bat onartuko luketela erantzun zuen: "'Zergatik ez?', esango nuke, teorikoki ari naiz, prozesu zilegi bat izango balitz".

Gaur, berriz, Algirdas Butkevicius Lituaniako lehen ministroari eginiko elkarrizketa argitaratu du ACNk berak. Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan galdetuta, nabarmendu du herrialde bakoitzak "bere bidea bilatu" behar duela eta "autodeterminaziorako eskubidea" duela.

Irailaren 11n Katalunia iparretik hegora zeharkatu zuen giza kateak, Via Catalanak, Baltikoan dauka jatorria, 1989ko abuztuaren 23an Estonia, Letonia eta Lituania errepublika sobietarrak zeharkatu zituen Bide Baltikoan. Butkevicius "oso pozik" agertu da haien adibideak "inspiratu" duelako Via Catalana: "Ongietorria ematen diot herrien autodeterminazioa eta elkartasuna adierazteko era baketsu orori".

Butkeviciusen esanetan, "oinarri legalen" bidez burutu behar da prozesua, baina gaineratu du lituaniarrek eurek osatu zutela lege esparru bat 1990ean Soviet Batasunarekiko independentzia eskuratzeko.

Europako Batasuneko presidentetza du Lituaniak 2013ko bigarren erdialdean; urte amaierara arte, beraz. Butkeviciusen ustez, EB "estatuen batasun demokratiko bat da, eskubide politikoak errespetatzen dituena eta borondate askean oinarritzen dena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.