Livniren gobernua ez duela babestuko jakinarazi du Shas alderdiak Israelen

Kadimako buruzagiak ezinezkoa du gehiengo osoa lortzea Israelgo Parlamentuan, soilik laboristen babesa baitu

Erredakzioa
2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Israelgo Parlamentuan gutxiengoan egongo den gobernua osatzea edo hurrengo urteko hasieran Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzea. Tzipi Livni Kadima alderdiko buruzagiak ez du beste aukerarik Shas alderdi erlijioso ortodoxoak atzo, gobernu koalizioa berriz hitzartzeko negoziazioak bertan behera uztea erabaki ondoren. Alderdi Laboristarekin soilik lortu du ituna Livnik, eta gobernua osatzeko ahaleginetan alderdi txikien sostengua bila lezake. Adituen ustetan, ordea, halabeharrez bozak antolatu beharko ditu, eta inkestei jarraiki Benjamin Netanyahu Likud alderdiko burua litzateke irabazteko aukera gehien izango lukeena orduan, hau da, Palestinarekiko negoziazioen aurkakoa.

Shimon Peres presidenteak astelehenean bi aste gehiago eman zizkion egungo Atzerri ministroari gobernu koalizioa hitzartu zezan, baina negoziazioetan agertutako zailtasunak aintzat hartuta igandea bitarteko epea eman zion bere buruari Livnik gobernu berria osatzeko. Osterantzean, hauteskundeetara deituko zuela iragarri zuen. Shasen erabakia ezagututa ere Kadimak berretsi egin zuen bihar plazaratuko dutela behin betiko erabakia, nolanahi ere. Alderdi ortodoxoak herrialde osoari huts egin diola deitoratu zuten, asteotako elkarrizketetan Ehud Olmertek -ustelkeriagatik dimisioa eman behar izan zuen aurreko lehen ministroak - antolatutako koalizio gobernua errepika zitekeela aditzera eman baitzuten, Kadimaren esanetan.

Roy Lachmanovich Shas alderdiko bozeramaileak argudiatu zuen bi oinarrizko desadostasunengatik baztertu dutela Livniren balizko gobernuan sartzea. Batetik, aurrekontuetan behartsuenentzako finantza laguntza areagotzean ez dira ados jarri. Bestetik, eta nagusiki, Jerusalemen geroa izan da negoziazioen oztopo gaindiezina. Izan ere, palestinarrek hiriguneko ekialdean etorkizuneko estatuaren hiriburua ezarri nahi dute, eta alderdi ortodoxoak Jerusalemek Israelen menpe jarraituko duela ziurtatzea nahi du, hots, ez du onartzen palestinarrekin negoziatzea.

Jerusalem negoziatu ezina

«Shasek ez du egingo Jerusalemekin traturik. Beti mantendu dugun irizpidea izan da. Jerusalem ez dago salgai», azaldu zuen Eli Yishai orain arteko Industria ministroak: «Jerusalemez negoziaziorik ez dela egongo hitzeman izan balute, alderdiari gomendatuko geniokeen ituna egiteko».

Bestalde, Livni kezkatuta azaldu zen bake negoziazioen garapenen gainean. «Israelek bakea lortu nahi du bizilagun guztiekin, palestinarrekin, Siriarekin, Libanorekin eta nazio arabiarrekin, baina denbora gure aurka dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.