Espainiako Gobernua urratsak ematen hasia da Kataluniako urriaren 1eko galdeketaren auziarengatik espetxean diren buruzagi independentistak Kataluniako kartzeletara lekualdatzeko. Lehenik eta behin, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari galdetu dio instrukzioa amaitu al duen. Epaileak baietz erantzun dio gobernuari, eta adierazi dio ez dituela diligentzia gehiago aginduko. Erantzun horrekin, urratsak ematen jarraitzeko bidea eman dio Llarenak Sanchezen gobernuari.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak joan den asteazkenean adierazi zuen Kataluniako buruzagi independentistak Kataluniako espetxeetara lekualdatzeko aukera aztertuko zuela Espainiako Gobernuak, Llarenak instrukzioa amaitzen zuenean.
Auzitegi Gorenak adierazi du lau idatzi jaso zituela asteazkenean, Espetxe Zuzendaritza Nagusitik. Idatzi horietan, zuzendaritzak Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen egoeraren berri eskatu zion auzitegiari. Llarenak horien egoerari buruzko erantzuna eman dio Espainiako Gobernuari, eta ez espetxean diren gainontzeko buruzagi independentisten gainekoa.
Presoen gerturatzea hasteko, presoek galdegin behar diote lehenik Kataluniako espetxe batera hurbiltzea Espetxeen Zuzendaritza Nagusiari. Defentsako abokatuen arabera, espetxean diren buruzagi independentista guztiek egina dute eskari hori dagoeneko. Eskaria betetzeko eragozpenik ez bada, espetxe bakoitzeko ebaluazio batzordeak aztertu behar du lekualdatzea.
Kataluniako buruzagi independentistak Madrilgo hiru espetxetan daude gaur egun: Soto del Realen dira Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart; Alcala-Mecon Dolors Bassa eta Carme Forcadell, eta Estremeran Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull.