Katalunia

Llarenak ez du martxan jarriko Puigdemont atxilotzeko euroagindua

Generalitateko presidentetzarako hautagai ofizial izendatu du Puigdemont Torrentek.

Puigdemont, gaur, Kopenhagen. TARIQ MIKKEL KHAN, EFE
2018ko urtarrilaren 22a
15:10
Entzun

Danimarkan da gaur Puigdemont, eta hura atxilo dezaten saiatu da Espainiako Fiskaltza. Euroagindu eskaera berriz ere martxan jartzeko eskatu dio Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari, baina hark ezetz esan dio. Eskaera "arrazoizkoa" den arren, une honetan halako eskaerarik ez egiteko "ñabardurak" daudela esan du. Epailearen arabera, Puigdemont bere atxiloketa probokatzen ari da, hala, inbestidura saiora joan gabe ere lehendakari izendatu ahal izateko.

Kopenhagen Unibertsitateko mahai inguru batean parte hartzeko, harako abioi bat hartu du gaur goizean Bruselako Charleroi aireportuan. 08:20 aldean lurrreratu da Danimarkan. Katalunia eta Europa, demokraziarako bidegurutzean? titulua du hitzaldiak.

Danimarkara joaten bada hura atxilotzeko euroagindu eskaera berriz ere martxan jarriko duela ohartarazi zuen atzo Espainiako Fiskaltzak. Hark Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari eskatu dio agindua emateko, baina hark ezetz erantzun dio. Lehen ere Auzitegi Nazionalak Puigdemont Belgikan atxilotzeko egindako eskaera bertan behera uztea erabaki zuen Llarenak.

Gutxienez bi egun egingo ditu Danimarkan Puigdemontek. Gaur, 14:00etan zuen hitzaldia, eta bihar Danimarkako legebiltzarreko diputatuekin biltzekotan da. Kopenhageko unibertsitatea jendez lepo zegoen Puigdemont bertara joan denerako, eta txaloka hartu dute.

Hiru hilabete daramatza Puigdemontek Bruselan. Espainiako Auzitegi Nazionalak Generalitatearen kontrako neurriak hartu zituenean joan zen hara, eta han jarraitzen dute berak eta beste lau kontseilarik. Matxinada, sedizioa eta kargu publikoak gaizki erabiltzea egotzita, haien kontrako ikerketa aurrera darama Espainiako Auzitegi Gorenak, eta indarrean dago Puigdemont Kataluniara itzultzen bada hura atxilotzeko agindua.

Hautagai bakarra

Generalitateko presidente izateko proposamen gisara aurkeztutako bakarra Carles Puigdemont izan da. Hark du babes gehien, eta, beraz, hura aurkeztu du hautagai ofizial Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak. "Badakit Puigdemonten egoera pertsonala eta judiziala zein den, baina badakit hautagai izateko erabateko zilegitasuna duela ere". Hila amaitu aurretik egin beharko dute inbestidura saioa. Torrentek eguna gaur esatea espero zen, baina ez du hala egin.

Bere egitekoa diputatuek libreki erabaki ahal izateko moduak bilatzea dela esan du Torrentek, eta, horregatik, "elkarrizketarako" deia egin du. Zehazki, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari gutuna igorri diola jakinarazi du, eta han eskatu diola esertzeko "Kataluniako Legebiltzarraren egoera ezohikoaz hitz egitera, diputatu batzuek eskubideak urratuta dauzkatelako".

135 diputatuak babestuko dituela iragarri du Torrentek, eta, horretarako, giltzapean dauden hautetsiekin hitz egiten ere saiatuko dela argitu du. Oriol Junqueras, Joaquin Forn eta Jordi Sanchez dira hiru horiek.

Bihar bilera egingo du legebiltzarreko mahaiak, eta han erabakiko dute, atzerrian diren kontseilariek boto telematikoa ematerik izango duten edo ez. Horren arabera, botazioaren emaitza aldatu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.