Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Rull, Josep Turull eta Jordi Sanchez dira behin-behinean akta galdu dutenak. Puigdemont ez dago preso, baina, Espainian hura espetxeratzeko agindua dagoenez, baldintzak betetzen dituela dio epaileak. Toni Comin antzeko egoeran dago, baina hark auzipetze autoari erreforma errekurtsoa jartzea onartu duenez, oraingoz ez dio eten kargua.
Llarenak jakinaren gainean jarri du Roger Torrent legebiltzarreko presidentea, diputatuei kargua eteteko tramiteak abia ditzan.
Jakina zen auzipetze autoa amaitutakoan diputatuek kargua galduko zutela 384Bis artikuluaren arabera. Gaur atera du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak hori jakinarazten duen autoa. Kataluniako Legebiltzarrari berari eman dio aukera, haiek ordezkatzea nahi baldin badu egiteko. Berez, ez dago automatikoki hori gertatzeko prozedudarik zehaztuta. Kargua etena duten diputatuek uko egin beharko liekete aurrena beren aktei, eta, hori gertatzekotan, gero ordezkoek hartuko lukete.
Instrukzioa amaituta, Llarenaren eskuetatik aterako da auzia orain, eta epaiketa egingo duen salaren esku geldituko da.