Auzitegi Gorena

Llarenak matxinada egotzi die Puigdemonti, Junquerasi, Turulli eta beste hamar laguni

Auzipetze autoaren berri eman die Llarena epaileak ikertuei. Puigdemonti, Junquerasi, Cuixati, Sanchezi, Comini, Forni, Ponsatiri, Rovirari, Turulli, Rulli, Bassari, Romevari eta Forcadelli matxinada egotzi die. Azken bostei behin-behineko espetxeratzea ezarri die. Rovira, aldiz, Espainiako Estatutik irten da kartzelaratzea saihesteko.

Forcadell, Bassa eta Romeva, gaur, auzitegira iristen. ZIPI
Oihana Elduaien Uranga.
2018ko martxoaren 23a
14:15
Entzun

Ikerketapean zeuden lehen ere, baina gaurtik aurrera auzipetuta daude. Hala jakinarazi die Pablo Llarera Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Helegiteen epea amaitu eta autoa irmoa denean, diputatu akta galduko dute preso eta kartzelatzeko agindupean daudenek, alegia, Puigdemontek, Cominek, Junquerasek, Turullek, Rullek eta Romevak.

Urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako auzian 28 lagun daude ikertuta, eta auzipetze autoarekin, haiek zein egoeratan gelditzen diren argitu du gaur epaileak. Matxinada egotzi die Carles Puigdemont kargugabetutako presidenteari, Oriol Junqueras kargugabetutako presidenteordeari, kargugabetutako zazpi kontseilariri —Joaquim Forni, Jordi Turulli, Josep Rulli, Toni Comini, Dolors Bassari, Clara Ponsatiri, Raul Romevari—, Carme Forcadell legebiltzarreko lehendakari ohiari, Jordi Cuixat Omniumeko presidenteari, Jordi Sanchez ANCkoari eta Marta Rovira egungo ERCko diputatuari. Matxinada delituagatik 25 urteko espetxe zigorra jar diezaiekete.

Gainera, behin-behineko neurriei buruz erabakitzeko, auzitegira deitu zituen epaileak gaurko Turull, Rull, Romeva, Bassa, Rovira —ez da joan— eta Forcadell diputatuak. Fiskaltzak eta Voxek haiek espetxeratzeko eskatu dute, eta epaileak aintzat hartu du haien iritzia.

Horrenbestez, helegiteen epea agortu eta autoa irmoa denean, diputatu akta galduko dute Puigdemontek, Cominek, Junquerasek, Turullek, Rullek eta Romevak —aurreneko biek espetxeratze agindua dutelako, eta gainontzekoak preso daudelako—. Hala dio Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikuluak: "Behin auzipetze autoa irmoa izanda eta behin-behineko espetxealdia dekretatuta, auzipetuak delitua egin duelako, banda armatuekin edo gizabanako terrorista nahiz matxinoekin zerikusia izanik edo horretan parte hartuta, eginkizun edo kargu publikoa betetzen ari zen bitartean, eginkizun edo kargu hori modu automatikoan etenaraziko zaio, espetxealdi-egoerak dirauen bitartean".

Forcadellek, Bassak eta Rovirak diputatuen akta utzi zuten atzo, eta Rovirak gaur jakinarazi du ez dela aurkeztuko Gorenera, atzerrira joango delako. Gutun bidez jakinarazi du erabakia Rovirak: "Erbestea bide gogorra izango da, baina horixe da modu bakarra nire ahots politikoa berreskuratzeko".

Desobedientzia eta antzekoak, beste 12ri

Llarenak auzipetu egin ditu beste 12 lagun ere, baina haiei larritasun gutxiagoko delituak egotzi dizkie. Desobedientzia egoitzi die Anna Gabriel —erbestean dago— eta Mireia Boya CUPeko kideei. Gauza bera leporatu die Lluis Maria Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet Legebiltzarreko Mahaiko kide ohiei. Eta desobedientzia zein diru funtsak bidegabe erabiltzea Meritxell Borrasi, Lluis Puigi —erbestean dago—, Carles Mundori, Santiago Vilari eta Meritxell Serreti —erbestean dago—.

Epaileak auzipetze autotik kanpora utzi ditu Artur Mas, Marta Pascal eta Neus Lloveras.

Babesa auzitegiaren atarian

Romeva, Forcadell eta Bassa sartu dira aurrenak Gorenera, eta kanpoan dagoen jendearen babesa jaso dute. Izan ere, politikari katalanak Gorenera deitu dituzten bakoitzean gertatu den bezala, jendea elkartu da atarian haiei babesa emateko. Joan Tarda eta Ester Capella ERCkoak; Elsa Artadi JxCko bozeramailea eta Josep Maria Cleries PDeCATeko senataria elkartu dira, besteak beste. Rull eta Turull geroago iritsi dira, eta haiek ere jaso dituzte animoak.

Twitter bidez azaldu die babesa beste batzuek:

Herenegun jakinarazi zuen Llarenak gaur emango zuela auzipetze autoaren berri. Urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako auzian 28 lagun daude ikertuta. Haiek zein egoeratan gelditzen diren jakingo da gaur.

Auzipetze Kriminalaren Legeko 505. artikuluaren araberako bista bat egitea dago aurreikusita. Artikulu horren arabera, epaileak bermerik gabeko askatasuna ezartzen ez badie, fiskalak eta akusazio partikularrak Vox alderdiak— aukera izango lukete eskatzeko diputatuak behin-behinean espetxeratzea edo bermea ordainduta aske uztea. Haien eskaria ontzat eman eta matxinada leporatuta Llarenak behin-behineko espetxealdia ezarriko balie, kargu publikoa galduko lukete diputatuek —Rull, Turul eta Romeva—. Halaber, Auzipetze Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluak dio behin-behineko espetxealdian dagoen "norbanako matxino edo terroristari" kargu publikoa etengo zaiola espetxealdi horrek irauten duen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.