Pertsona konprometitua izan da beti Lluis Llach (Girona, 1948) bere herriarekin, eta prozesu subiranoari babesa adierazi izan dio. Jauzi bat eman du aurten, Kataluniarentzako unerik erabakigarrienean; Gironako Junts pel Sí zerrendan lehena izango da; bere jaioterrian, hain zuzen. CDC, ERC, ANC eta Omniumek aurkeztutako kandidaturan, beraz, pertsonaia enblematiko bat gehiago batu da.
Hogeita hamar disko baino gehiago eta ibilbide luzea du Lachek, bai musika munduan eta baita mundu horretatik kanpo ere. Diktadura frankistan musika egiteko izandako debeku eta oztopoez itota Parisera erbesteratu behar izan zuen 1971an, besteak beste.
Kataluniako kultur eta politika munduko hainbat pertsona ospetsuk bat egin zuten ekainean Arnaldo Otegi askatu, euskal presoak etxera! manifestuarekin eta bertan izan zen Llach, sinatzaileen artean.
Katalunia bor-borka
Irailaren 27aren berotasunean, isiltasun gutxi eta mugimendu asko dago Katalunian. Egoera horretan esan diote agur politikoek ganberari, agintaldiko azken bilkuran. Nuria de Gispertek amaiera eman dio bere politika ibilbideari eta baikortasunez hitz egin du: "garai nahasiak dira baina esperantzaz betetakoak".
CiUko bozeramale Jordi Turullek "agintaldi bat baina gehiago" amaitzen den inpresioa duela azaldu du, "izan ere, Parlamentu autonomiko bat izan beharrean, Estatu berri bat izan dezagun lanean jarraituko dugu askok". "Kaletik gatoz eta kalera itzuliko gara". Hori izan da David Fernandezen mezua, CUPen izenean.
Alicia Sanchez-Comacho PPCko presidenteak ere hitz egin du; Katalunia "anitza" dela azpimarratu du. Ciutadanseko Albert Riverak, aldiz, "Kataluniak bizi duen egoeraz gain, gehiago da batzen gaituena, banantzen gaituena baino", esan du.
Kataluniaren inguruan mintzatu da Espainiako Gobernuko presidenteordea ministro-kontseiluaren ondorengo agerraldian. "Masek aspaldian erabaki zuen gobernatzeari uztea eta inorako bideari ekitea". Beste behin, konstituzioko 155. artikuluari eutsi dio, "herritarrek, administrazioak eta gobernatzaileek legea bete dezaten mekanismo ezberdinak" eskaintzen dituela argudiatuz. Agerian utzi nahi izan du, berriro ere, Espainiako Gobernuaren postura.
Pep Guardiolak ere baietz
Josep Pep Guardiola Bayern Municheko entrenatzaile kataluniarrak ere baiezkoa eman dio zerrenda bateratuarekin bat egiteko proposamenari. Garbi hitz egin du: "Zergatik ezin dut nik nire iritzia eman?". Txinan dago Guardiola, Bayernekin datorren denboraldia prestatzen, eta, kazetariek galdetuta, CDC, ERC, ANC eta Omniumen zerrenda bateratuan Kataluniako hauteskundeetara aurkezteko eskubidea defendatu du.
"Alderdiek galdetu zidaten ea aurkeztuko nintzen, eta baietz esan dut", azaldu du inolako konplexurik gabe Bartzelona futbol taldeko jokalari eta entrenatzaile ohiak. Zerrenda bateratu horretan azken lekuan aurkeztuko da Guardiola, Kataluniako Parlamentuan egoteko baino gehiago, babesa emateko. "Bizitzan egiten dugun guztia politika da".
Futbol entrenatzaileak, gainera, irailaren 27an bozkatzera deitu du, esanez bozkatzera orduan eta jende gehiago joan, "Kataluniarentzat, Espainiarentzat eta Europarentzat" hobea izanago dela.