The Clash musika talde britainiar mitikoak badu London is Burning dioen kanta bat; azken egunotako egoeraren doinua izan zitekeena.
Istiluak Tottenhamen (Londres iparraldean) hasi ziren, larunbatean, Poliziak ustez bertako gazte bat, Mark Duggan, erail eta gero. Herritarrak haserre batean atera ziren kalera, eta protesta baketsu gisa hasi zenak barrikadekin eta zenbait saltokiren suteekin bukatu zuen. Orduz geroztik, helikoptero bat etengabe entzun daiteke, East Londonen zein bestelako auzo «marjinal» guztietan. Izan ere, Londresen badira auzo «marjinalak», klaseen arteko bereizketa oso nabarmenak gertatzen baitira gizarte honetan. Are gehiago gobernu kontserbadoreak boterea eskuratu zuenetik. 2010eko udan diru laguntza sozialen mozketak iragarri zituzten Erresuma Batuan. Hainbat auzotan, esaterako, %50 moztu zituzten borondatezko sektorearekiko diru laguntzak. Mozketa horiek hezkuntza sistema publiko zein osasun zerbitzuetan eginiko murrizketen testuinguru berean koka daitezke.
Gizartearen erantzuna
Egoeraren larritasuna kontuan izanda, askorentzat harritzekoa zen britainiarren «erantzun sozialik» eza eta pasibotasuna. 2010eko azaroan eta abenduan ikasleek eginiko manifestazio handiak eta espazioen okupazioak izan ziren erantzun horren lehen izpiak. Hurrena, martxoan, sindikatuek deituta manifestazio erraldoiak egin zituzten; mozketa sozial horien aurka zegoen gizarteak euren haserrea erakutsi zien David Cameron lehen ministroari eta Nick Clegg lehen ministrordeari. Azken egunotako istiluak, gizartearen zati handi bati ulergaitz gertatzen zaizkion arren, egoera sozial horren erakusle garbiak dira. Britainiar gehienek ez dituzte ulertzen denda eta etxebizitzen kontrako erasoak eta lapurretak. Hedabideetan bandalismo huts gisa deskribatu izan dira, baina badira zerbitzu sozial sendoagoen beharraren isla gisa ikusten dituztenak ere.
Istiluak hasi zirenetik, 1.000 pertsonatik gora atxilotu dituzteErresuma Batuan, gehienak gazteak —baita 16 urtetik beherako hainbat ere—. Londresko alkateak, bitartean, jakinarazi du istiluak gertatu diren auzoetan, berreraikuntza lanekin batera, gazteentzako zentro sozialetan gastu publikoa handituko dutela. Horrek agerian uzten du nolabaiteko lotura dagoela zerbitzu publikoen murrizketen eta azken egunotako gertakarien artean.
Izan ere, istiluak herrialdean zehar zabaldu dira, eta horrekin batera handitu egin da jendearen beldur sentsazioa. Herenegun erabateko mesfidantza nabaritu zitekeen Londresko kaleetan. Denda oro itxita zegoen eguerditik, merkataritza gune handi batzuk barne, eta kaleak erdi hutsik zeuden. Arratsalderako jende gehiena etxean zegoen, eta zerbitzu zein saltoki gehienek ez zituzten ateak ireki ere egin. Zabalik zeuden saltoki bakanek pertsianak erdi itxita igaro zuten eguna, eta bezeroak banan-banan sarrarazi zituzten lapurretak eta harrapaketak saihesteko. Aurreko egunetan jasandako istiluak zirela-eta saltokietako jabeak mesfidati ziren Poliziarekiko. Izan ere, astelehen gaueko jardunaren ostean oso nabarmena izan da segurtasun indarrekiko kritika Erresuma Batuko hedabide guztietan nahiz kalean. Erantzun gisa, azken bi egunotan 16.000 agente jarri dituzte metropoliko kaleak zaintzen. Datozen egunotarako segurtasun maila bera iragarri du gobernuak.
Herenegungo gau lasaiagoaren ostean, Londres ekialdera nolabaiteko normaltasuna heldu dela dirudi, eta atzo jendeak kalera jo zuen berriz ere. Dena den, Poliziaren presentziak ez du beldurra uxatu. Hori horrela, irekirik dauden saltoki gehienetan produktuak kendu dituzte erakusleihoetatik, eta leihoak egur oholekin babestu dituzte. Anbulantzien eta segurtasun indarren autoen sirenak etengabeak dira oraindik.
Gizarteak istiluen kontra modu ezberdinetara erantzun du. Herritar batzuk erratzak eskuan hartuta kalera atera dira istiluen ondorioz zikindutako kaleak garbitzeko asmoz. Beste hainbatek, aldiz, etxean geratzeko deia egin dute sare sozialen bidez. Bigarren Mundu Gerrako keep calm and carry on leloari jarraiki, Stay in and drink tea taldea sortu dute, eta egun bakarrean 254.664 jarraitzaile lortu dituzte.
Erresuma Batua. Protestak
Londres, sutan
Azken egunotan Londresen jazo diren istiluak bandalismoarekin lotu badira ere, herritarrak egiazko arrazoien bila ari dira. Hainbat sektorek gizartean dauden ezberdintasunak jo dituzte liskarren sorburutzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu