Urtebete baino gehiago igaro da David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Bloody Sundayko biktimei gobernuaren izenean barkamena eskatu zienetik. Gertatutakoa «ezin zurituzkoa» eta «bidegabea» izan zela onartu zuen orduan. Orain, berriz, Defentsa Ministerioak kalte-ordainak agindu dizkie 1972an Derryn armadako paraxutistek hildakoen senideei zein zauritutakoei.
«Aitortzen dugu familiek kasik 40 urtez mina jasan dutela, eta baita indar armatuetako kideek egun hartan gaizki jokatu zutela ere. Gobernuak asko sentitzen du», adierazi du Defentsa saileko bozeramaile batek. Konpentsazioen zenbatekoa eta nork jasoko dituen argitu ez badute ere, biktimen abokatuekin harremanetan daudelajakinarazi dute, eta kalte-ordainak lehenbailehen egitea espero dutela jakinarazi dute.
1972ko urtarrilaren 30ean, eskubide zibilen aldeko protesta batera deitu zuen NICRAk, Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Erakundeak, Derryn (Irlanda iparraldea). Nazionalisten aurka armada egiten ari zen epaiketarik gabeko espetxeratze sistematikoak salatzea zuten helburu, besteak beste. Protesta baketsua behar zuena, baina, egun odoltsua bilakatu zen; armadak hamahiru lagun hil zituen, tiroz. Handik gutxira hamalaugarren bat hil zen, protesta egunean soldaduek larri zauritu zutelako.
Biktima batzuk, haserre
Zuhurtziaz hartu dute biktimek gobernuaren iragarpena. Biktimen The Bloody Sunday Trust elkarteko bozeramaileak adierazpenik egingo ez dutela jakinarazi du: «Abokatuen eta Defentsa Ministerioarenarteko elkarrizketak ez dira amaitu. Oraindik argitzeko daude kalte-ordainen zenbatekoa eta baldintzak. Bitarte horretan, senideek nahiago dute adierazpenik ez egin».
Dena den, Kate eta Linda Nashek, Derryn armadak hildako William Nasheren arrebek, «iraingarritzat» jo dute gobernuaren iragarpena. «Ez dugu gure anaiaren hilketagatik dirurik onartuko», adierazi dute. «Iraingarria iruditzen zaigu Defentsa Ministerioaren ezer onartzea. Diru laguntzak eman nahi badituzte, aurrera, baina ez dezatela gure anaiaren izenean egin», gaineratu dute.
Bigarren ordainketa
Lord Saville instrukzio epaileak iaz amaitu zuen ikerketa, eta hutsegite larria egozten die manifestariei tiro egin zieten soldaduei; izan ere, arrazoirik gabe oldartu zitzaizkiela aitortzen du txostenean. Ordura arteko bertsio ofizialak, aldiz, bestelakoa biltzen zuen. Lord Widgery epaileak IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kideek lehenik armadako kideei su-bonbekin eraso egin zietela ebatzi zuen 1972an, eta paraxutistek erasoei erantzun besterik ez zietela egin.
Lord Widgeryk egindako ikerketan oinarrituta, Derryn hildakoen senideei kalte-ordainak eman zizkien 1974an Defentsa Ministerioak, baina ez zuten gertatutakoagatik ardurarik onartu. Bloody Sundayko hainbat biktimaren senideen ordezkari Madden and Finucane abokatu etxeak jakinarazi duenez, kopuruak «desegokiak» eta «irrigarriak» izan ziren. Hori horrela, abokatuek biktimak bi aldiz konpentsatuko ez dituztela argitu dute.
Bitartean, Tom Elliot UUP Ulstergo Alderdi Unionistako buruak Irlanda iparraldeko biktima guztiei emandako kalte-ordainak berrikusteko exijitu du. «300 polizia hil dira gatazkan; horietatik 277 IRAk hil ditu. Horietako zenbaten seme-alaba eta bilobek sufritu dute? Zenbatek ez du jaso hezkuntza osoa? Zenbatek ez du udako oporraldi duinik izan?», galdetu du protestanteak.
Hainbatek uste du gobernuak iragarritako kalte-ordainak biktimen abokatuek iaz igorritako ultimatumaren ondorioz heldu direla. Izan ere, familiak «guztiz konpentsatzeko» zein urrats emateko prest zegoen galdetu zioten abokatuek lehen ministroari, hark barkamena eskatu eta gero. Maite zuten jendea galdu izanagatik, beste batzuk zauritu izanagatik eta euren izen ona urteetan zikindu izanagatik neurri konkretuak hartzeko exijitu zioten Cameroni.
Igande Odoltsuko biktima batzuek, dena den, uste dute errudunak epaitu artean erabateko konpentsaziorik ez dagoela, eta hala jakinarazi diote, behin eta berriz, gobernuari.
Hanbat adituk uste dute, bestalde, Bloody Sundayko biktimei kalte-ordainak ematea aurrekari bat izan daitekeela Irlanda iparraldeko gatazkako gainontzeko biktimek ere konpentsazioa eskatzeko.
'Saville' txostena
Bloody Sunday, giza tragedia ez ezik, Ipar Irlandarentzat «hondamendia» izan zela biltzen da Saville txostenean. Hamabi urte behar izan dituzte ikerketa osatzeko. Izan ere, Erresuma Batuan inoiz egin den ikerketa luzeena eta garestiena izan da.
Txostenaren bitartez ordura arteko bertsioa gezurtatu zen, eta soldaduak inolako probokaziorik egin ez zuten eta armarik ez zuten zibilei oldartu zitzaizkiela argitu zen. «Txostenean jasotzen diren ondorioak erabat argiak dira. Ez dago zalantzarik; ez dago gaizki ulerturik; ez anbiguotasunik. Bloody Sundayn gertatutakoa bidegabea eta ezin zurituzkoa da», esan zuen Cameronek Ordezkarien Ganberan.
Euren senideen errugabetasuna frogatutzat eman zutenek arnasa lasai hartu zuten, kasik 40 urteren ostean. Ikerketa urteetako borroka luzean garaipentzat jo zuten biktimek, baina egia jakitera ematearekin ez da euren borroka amaitu. Izan ere, txostenean ez da argitzen errua norena izan zen. Hori horrela, inor ez da akusatuen aulkian eseri gertakariengatik erantzuteko. Egia eta barkamena lortu dituzten arren, arduren afera argitzeko dagoela diote biktimek, eta tiro egin zuten soldaduak edo arduradunak zigortu arte justiziarik ez dela egongo diote.
Londresek kalte-ordainak agindu dizkie Bloody Sundayko biktimei
Familiek 40 urtean jasan duten mina aitortu du Defentsa Ministerioak, eta indar armatuek «gaizki» jokatu zutelaHainbat biktimaren ustez, «iraingarria» da hildakoengatik armadaren dirua onartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu