Willie Rennie (Fife, Eskozia, 1967) Eskoziako Alderdi Liberal-Demokratako liderra da. Edinburgoko parlamentuan eragiteko indar txikia dute liberal-demokratek; bost eserleku dituzte soilik. Londresen, ordea, badute zeresanik, David Cameron kontserbadorearen koalizio gobernuko kide baitira liberal-demokratak.
Londresko gobernuko aholkulari izan zinen 2010ean. Galdeketaren inguruan nola ari da jokatzen gobernua, zure ustez?
Uste dut oraindik bere jarrera garatzen ari dela. Eskoziako politika Erresuma Batuko komunikabideetan ageri da orain nabarmen, eta Londresko politikariakEskoziako politikara egokitzen ari dira. Orain erronka bat da hori, baina denborarekin, Eskozian gertatzen ari denaren inguruan parte hartuko duenez, gobernuak zehatzago azalduko du zer ikuspegi duen independentziaren eztabaidan. Uste dut Londresek orain badakiela independentzia benetako aukera bat dela, eta modu inteligenteagoan jokatuko du; erabili beharreko tonuari dagokionez, batetik, eta argudioei dagokienez, bestetik. Orain arte gobernu guztiek baztertu egin izan dute aukera hori.
Zerk aldatu du Londresen ikuskera?
Strathclyde Universityko John Curtis politika irakasle eta inkestetan adituak ikerketa bat egin zuen iaz. Zera galdetu zion jendeari: «Eskozia independenteak pertsonako urtean 500 libra gehiago irabaztea ekarriko balu, bozkatuko zenuke burujabetzaren alde?». %60 inguruk baietz erantzun zuten. Horrek erakusten digu zenbat jende dabilen independentziaren aukeraz gogoeta egiten. Londresek orain ikusten du burujabetzaren aldeko babesa ez dela soilik %35ekoa, handiagoa baizik.
2014. urterako uste duzu gora egingo duela independentziazaleen kopuruak?
Igo daiteke. Londres konturatu da horretaz, eta garrantzitsua da Eskozia ere jabetzea. Agian ez dela gertatuko uste du askok... baina inork ez zuen uste SNPk gehiengoa lortuko zuenik Edinburgoko parlamentuan, eta lortu zuen. Horren damua du orain jende askok, SNPk botere gehiegi duelako. Gauza bera gerta daiteke independentziarekin ere. Herritarrek kontu handiz bozkatu beharra dute.
Justiziak galdeketa oztopa dezakeela uste duzu?
Epe laburrera akordioa izango dela uste dut. SNPk badaki bere galdeketak lege arazo bat duela. Hain zuzen, horri buruz ari da hizketan Londresekin. Normalean bere kontuetan ez sartzeko eskatzen du SNPk, baina orain Londresekin hizketan aritzeak berak argi erakusten du Salmondek badakiela arazo bat duela. Hortaz, akordioa nahiko azkar iritsiko delakoan nago. Bi galderen auzia konpontzea izango da zailena.
Zergatik?
Independentzia eta devo-max [botere autonomiko gorena] aukeran emanez gero, %90 aterako luke devo-max-ek eta %51, agian, independentziak. Politikan gehiengoak irabaztea da normalena, baina SNPk dio kasu horretan independentziaren aukerak irabaziko lukeela, auzi gorena horixe delako. Ezin da horrelako galdeketarik egin, eta hori badaki SNPk ere. Azkenean galdera bakarra izango dela uste dut.
Liberal-demokratak federalistak zarete izatez. Zergatik baztertu devo-max?
Gure helburua ez da devo-max; ez dugu zerga sistema osoa Eskoziara ekarri nahi. Guk proposatzen dugu ditugun eskumenak kudeatzeko Eskozian bertan biltzea dirua, baina Londresek dituen eskumenetarako —defentsarako, esaterako— Erresuma Batuko Gobernuak biltzea. Horregatik ez gaude devo-max-aren alde; ez gaude autonomia fiskalaren alde. Federalismo fiskala nahi dugu guk.
Halere, ez duzue autonomia areagotzearen inguruan galdetzerik nahi.
SNPk continuum gisa ulertzen du devo-max, independentziarako pauso gisa, ez azken geraleku gisa. Areago, gu devo-max-en aldekoagoak gara SNP baino. Ezin da horrela ibili. Lehenengo independentziaren auzia argitu behar da, eta gero, independentziak galduz gero, autonomiarena. Bestela, zalantzagarria litzateke erreferenduma. Guk ez dugu federalismo fiskalaren aukera sartu nahi galdeketan, hori beste eztabaida bat delako. Bi auzi dira, guztiz ezberdinak.
Akordioa laster iritsiko dela diozu. Edinburgok Londresen baldintzak onartuko ditu, ala alderantziz?
Begira, egia esan, guk onartuko dugu galdeketa egiteko epea. 2014, ondo da. Uste dut hamasei eta hamazazpi urtekoek bozkatzea ere onartuko dugula. Baina bigarren galderaren aukera baztertu egingo dutela uste dut. Ez dio inolako sinesgarritasunik ematen galdeketari.
SNPk bigarren galdera egiteko aukerari uko egingo diolakoan zaude?
Azkenean onartu egin beharko dute galdera bakarra egitea. Uste dut laster iritsiko dela adostasuna, eta orduan ekingo diogula eztabaidari.
Galdeketa baldintza horietan eginez gero, independentziak badu irabazteko aukerarik?
Uste dut baietz. Independentzia inoiz baino gertuago dago. Guk horren kontra egingo dugu lan, baina garrantzitsuena da Salmondek bermeak ematea independentzia lortuz gero, Eskozia aurrera egiteko gai izango dela. Trebea da emozioak saltzen, ez ordea xehetasunak ematen. Iraganeko batailei begiratzen die Salmondek, baina emozioena ez da bidea. Erabaki hau lasaitasunean, arrazoian eta informazioan oinarrituta hartu behar dugu.
Iragan urrian polemika eragin zuen sarean jarri zenuen irudi batek. Qatarrekin erkatu zenuen balizko Eskozia independentea: monarkia absolutuaren ezarpena, heriotza zigorrarena eta homosexualen eskubideen galera aipatzen zituen irudiak.
Marrazkiarena huts bat izan zen, eta barkamena eskatu nuen. Guk uste dugu, eskoziarrek hala erabakiz gero, Eskoziak baduela estatu bat izateko ahalmena. Guk errespetatzen dugu jendearen erabakia, baina uste dugu hobeto gaudela gainontzeko nazio britainiarrekin. Erresuma Batuan egotea mesedegarri da Eskoziarentzat: momentu zailetan elkar lagundu genezake, eta garai onetan irabaziak elkarbanatu.
Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (V). Willie Rennie. Liberal-demokraten burua Eskozian
«Londresek orain badaki benetako aukera bat dela independentzia»
Alex Salmonden diskurtsoa emozioan oinarritzen dela salatu du Renniek. Eztabaida informazioan oinarritzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu