Diputatu guztiak banaturik, DUPek 30 lortu zituen asteazkeneko bozketan, 1998an baino zazpi gehiago. UUP Ulsterko Alderdi Unionistak talde unionista nagusiaren postua galdu zuen, 27 diputatu lortuta (lehen baino bat gehiago, hala ere). Sinn Fein da hurrengo indarra, 24 diputaturekin, aurrekoan baino sei gehiago. SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laborista da, berriz, hauteskundeetako galtzailerik handiena. Asteazkena arte, nazionalisten aldeko alderdirik bozkatuena izan da historikoki SDLP moderatua. Sinn Feinek aurrea hartu dio orain. SDLPk sei diputatu galdu ditu, eta 18 diputaturekin gelditu da.Emaitzak jakinda, nazionalisten eta unionisten artean boterea partekatzeko erakundeak ez direla «hamarkada batean» berriz indarrean jarriko iragarri zuen Peter Robinson DUPeko bigarrenak. 1998ko Ostiral Santuan sinaturiko bake itunean erabakitakoa beteta, bi komunitateek agintea partekatzen dutela bermatzeko mekanismoak dituzten Stormonteko legebiltzarrean eta gobernu autonomoan. Iazko urrian, erakundeok bertan behera utzi zituen Erresuma Batuko Gobernuak, IRA Irlandar Armada Errepublikanoak informazioa biltzeko erabiltzen zituela argudiatuta. Harrezkeroztik, behin eta berriro saiatu dira aginte autonomoa berriz martxan jartzen. Aurten egin behar ziren bozak bitan atzeratu zituen David Trimble Stormonteko gobernuko lehen ministroak.Muturreko unionistek irabaziko zuten beldur zen UUPko buruTrimble.
Hiltzaileak eta bekatariak
DUPeko buru Ian Paisley pozarren agertu zen atzo bere alderdiaren garaipenarengatik. Sinn Feinekin negoziatuko duen galdetu ziotenean, «nik ez dut hiltzaileekin lan egiten» , erantzun zuen 77 urteko apaizak. Sinn Feineko buru Adamsekin zuzenean hitz egiteari ere uko egin dio orain arte Alderdi Demokratiko Unionistako buruak.
Alderdi errepublikanoa nazionalisten indar nagusia bihurtuta, Gobernuko lehen ministrorde postua eta beste hiru ministerio legozkioke, egungo arauen arabera.Gerry Adams pozik agertu zen atzo, alderdiak lorturiko emaitza historikoa dela eta. Paisleyren jarrera ironiaz hartu zuen errepublikanoak: «Filosofia kristauan ez dut negoziazioa eta bekatariekin mintzatzea ez den besterik ezagutzen», esan zuen, «bekatari gisa, neure burua eskaintzen dut, ordezkatzen ditudanen izenean, Paisley doktoreak konberti nazala». Ian Paisleyren garaipenak «arazoak» sor ditzakeela gaineratu zuen Adamsek, eta egonarria eskatu zien nazionalistei, «unionismoak bizi duen krisiaren» aurrean. Ostiral Santuko Bake Akordioa berriz negoziatzearen aurka agertu zen buruzagi errepublikanoa, dena den: «Espero dugu Blairrek eta Ahernek duela bost urte sinaturiko konpromisoa berretsiko dutela, bake itunen eduki guztiak indarrean jartzeko».
-
LONDRES ETA DUBLIN
Akordioa berriz negoziatu ez, berraztertu bai
Galesko hiriburuan, Cardiffen, bildu ziren atzo Tony Blair Erresuma Batuko gobernuburua eta Bertie Ahern Irlandako Errepublikakoa, asteazkeneko hauteskundeak aztertzeko. 45 minutuko prentsaurrekoa eman zuten bileraren ondoren, eta uko egin zioten bozketaren emaitzez mintzatzeari. Datorren astean Belfasten boterea partekatzeko formula salbatzeko alderdien arteko elkarrizketak egitea espero zuela esan zuen Ahernek. Bozak egin egin behar zirela eta alderdiekin hitz egiteko desiratzen dagoela gaineratu zuen. 1998ko Ostiral Santuko Akordioa «nazioarteko ituna» dela nabarmendu zuen agintari irlandarrak: «Ez dago hura berriz negoziatzerik... baina badago berriz aztertzerik».