Downing Streetera iritsi zenetik lehen aldiz, Erresuma Batuko Gobernua berregituratu du David Cameron lehen ministroak. Besteak beste, kargutik kendu ditu Andrew Lansley Osasun ministroa eta Ken Clarke Justiziakoa, baita sailik gabeko ministro Sayeeda Warsi ere. Gobernuan Erresuma Batua atzeralditik aterako duten «erreformatzaile indartsuak» sartzea da aldaketaren helburua. Alderdi Kontserbadoreko legebiltzarkideek gobernuko koalizioari ekonomia berpizteko «gaitasunik» ez izatea aurpegiratu ondoren hartu du erabakia Cameronek. Hala ere, Erresuma Batuko Gobernuko muinari eutsi egin dio, karguan mantendu baititu George Osborne Ekonomia ministroa eta William Hague Atzerri ministroa.
Jeremi Hunt egungo Kultura ministroaren esku geldituko da Osasun Ministerioa. Lansley orain arteko ministroak bultzatutako osasun erreformak eztabaida piztu du Erresuma Batuan, eta, azkenean, hura kargutik kentzea erabaki du lehen ministroak.
Ken Clarke orain arteko Justizia ministroa Chris Grayling kontserbadoreak ordezkatuko du. 2010 arte Barne ministroa izan zen eta Clarke baino eskuindarragotzat daukate. Hainbat kontserbadorek Clarke «bigunegitzat» jo izan dute. Bi horiez gain, Sayeeda Warsi Alderdi Kontserbadoreko kopresidentea ere kendu du sailik gabeko ministro kargutik.
Orain arte bezala, gobernuko koalizioa osatzen duen Alderdi Liberal Demokrataren esku bost sail utzi ditu Cameronek. Hala, azken hilabeteetan liberal-demokraten eta kontserbadoreen artean izandako eztabaidei aurre egin, eta koalizioa indartu nahi izan du lehen ministroak.
Izan ere, zalantzak zeuden gobernuko koalizioaren inguruan, Nick Clegg Alderdi Liberal Demokratako buruak uztailean egindako adierazpenen ostean. Cleggek hautsitzat jo zuen kontserbadoreekin adostutako «koalizio kontratua», Alderdi Kontserbadoreko kide batzuek legebiltzarra erreformatzeko plana bazterrean uzteagatik.
Londresko gobernua berritu du Cameronek
Erresuma Batuko lehen ministroak kargutik kendu ditu Osasun eta Justizia ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu