Atentatuak Londresen

Londresko Poliziak gizonezko bat tiroka hil du metroan, eta frankotiratzaileak eta bonbak desaktibatzeko taldeak zabaldu ditu Harrow Roaden

Argitzeke dagoen gertakari bategatik, Harrow Roaden, Poliziak frankotiratzaileak eta bonbak indargabetzeko taldeak zabaldu ditu. Etxe bat ari dira miatze inguru hartan. Halaber, goizean, atzoko atentatuekin zerikusia duelakoan, gizonezko bat tirokatu du Londresko Poliziak metroan, eta hil egin du segurtasun indarretako iturriek baieztatu dutenez. Zehazki, Stockwellgo geltokian hil dute, atzoko erasoetako bat gertatu zen Oval geltokitik hurbil. Lekukoen arabera, asiarren ezaugarri fisikoak zituen tirokatu duten gizonezkoak, eta lurrera bota eta etzanda zegoela egin diote tiro.

2005eko uztailaren 22a
17:11
Entzun
Tirokatzea gertatu den geltokia Norhern Lineko eremuan dago, eta atzo atentatuetako bat gertatu zen Oval geltokitik hurbil dago. BBCk lekukoen testigantzetan oinarrituta zabaldu duenez, hil duten gizonezkoa metroko bagoi batean sartzen saiatu da, lasterka, atzetik poliziak zituela. Une batean, poliziek harrapatu eta lurrera bota dute. Lurrean etzanda zegoela egin diote tiro.

Hilketa hori gertatu eta minutu batzutara Londres ekialdeko meskita bat inguratu dute polizia armatuek, eta ondoko etxeetako bizilagunei ez irteteteko ohartarazi diete. Dagoeneko, ordea, kendu dute hesia, eta gezurrezko bonba mehatxu bat dela medio ezarri dutela agertu dute Poliziako iturriek.

Geroago, jazoera susmagarri bat dela eta, Londresko Poliziak frankotiratzaileak eta bonbak indargabetzeko taldeak zabaldu ditu Harrow Roaden (Londresko ipar-menedebaldean). BBCren arabera, Poliziaren sei auto eta anbulantzia bat gerturatu dira bertaraino, eta metrailetaz armatuta dauden polizia agenteakdabiltza inguruetan. Etxe bat miatzen ari dira inguru hartan, eta halaber, Londresko beste etxe batzuk ere arakatzen ari direla baieztatu dute Sctoland Yardeko iturriek.

Atzodanik ekintzaileen bila dabil Londresko Polizia. Iturri horien arabera, ekintza suizidak egin nahi zituzten atzo lehergailuak jarri zituztenek, uztailaren 7koaren pareko sarraskia eragin nahi zuten —56 lagun hil ziren eta 700 bat zauritu atentatu olde hartan—. Hala ere, atzoko leherketak askoz ere txikiagoak izan ziren, eta pertsona bakar bat zauritu zuten. Poliziak uste du lehergaia egoera txarrean zegoelako edo beste zerbaitek huts egin zuelako izan zirela atozko eztandak arinagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.