Mexiko

Lopez Obradorrek irabazi ditu hauteskundeak, %53ko babesarekin

Ezkerreko hautagaia nabarmen gailendu da, Hauteskunde Institutu Nazionalaren kontaketa azkarraren arabera. Ricardo Anayak (PAN) botoen %22,1-%22,8 artean lortu ditu, eta %15,7-%16,3 artean eskuratu ditu Jose Antonio Meadek (PRI).

Andres Manuel Lopez Obrador, hauteskundeen garaipena ospatzeko hitzaldia ematera jarraitzaileen aurrera agertu den unea. MARIO GUZMAN, EFE
2018ko uztailaren 2a
07:28
Entzun

Irauli egin da Mexikoko agertoki politikoa. Inkestek iragarria zuten aldaketarako aukera historikoa izan zitekeela, eta hala izan da, azkenean. Andres Manuel Lopez Obrador hautagaiak alde handiarekin irabazi ditu hauteskundeak. Morena Nazio Birsortze Mugimenduko hautagaiak bozen %53-%53,8 artean jaso ditu, Hauteskunde Institutu Nazionalaren kontaketa azkarraren arabera. 7.700 hauteskunde mahaitako emaitzak kontuan hartuta egin du aurrerapena institutuak.

Lehen datu ofizialak iritsi aurretik ere, irabazle jo dute Lopez Obrador haren aurkari Ricardo Anayak eta Jose Antonio Meadek.

Garaipena ospatzeko hitzaldian, Lopez Obradorrek "adiskidetzera" deitu ditu mexikarrak, eta interes orokorra pertsonalaren gainetik jartzeko eskatu die. Presidente hautatu berriak adierazi du "egiazko demokrazia" ezartzea izango dela bere helburua, eta "aldaketa sakonak" iragarri ditu. Laugarren iraultza bultzatuko duela aurreratu du; Mexikoren independentzia, XIX. mendeko erreforma liberalak eta Mexikoko Iraultzaren ondorengoa.

Kanpainan egin bezala, hauteskundeen osteko lehen hitzaldian ere nabarmendu du ustelkeriaren kontrako borroka izango dela bere gobernuaren lehentasunetako bat, eta kontrol fiskal eta finantzario zorrotza agindu du. Gizarte desberdintasuna murrizteko politika sozialak ere hitzeman ditu.

Lopez Obradorren esanetan, "aberatsak eta txiroak" ordezkatuko ditu bere gobernuak, baita korronte intelektual guztietako eta edozein sexu joerako mexikarrak ere.

PAN alderdi kontserbadoreko Anaya izan da gehien bozkatutako hautagaien artean bigarrena. Hauteskunde Institutu Nazionalaren arabera, botoen %22,1-%22,8 jaso ditu. Haren atzetik, Meade PRI alderdiko hautagaiak %15,7-%16,3ko babesa lortu du.

Lopez Obradorrek abenduaren 1ean hartuko du presidente kargua, hurrengo sei urteetarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.