Lopez Obradorrek Mexikoko hauteskundeen emaitzak inpugnatuko ditu

Hauteskunde Institutu Federalak adierazi du beharrezkoa izan daitekeela botoen herenak berriz zenbatzea

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Andres Manuel Lopez Obrador PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaiak adierazi du inpugnatu egingo dituela joan den igandeko Mexikoko presidentetzarako hauteskundeen emaitzak. Lopez Obradorren arabera, igandeko hauteskundeak ez ziren «ez bidezkoak, ez garbiak» izan. IFE Hauteskunde Institutu Federalak, berriz, jakinarazi du beharrezkoa izan litekeela botoen herenak berriro kontatzea. Hauteskundeetako garailea Enrique Peña Nieto PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaia izan zen.

Kanpainan 1.800 milioi peso (107 milioi euro inguru) erabili izana leporatu dio Lopez Obradorrek PRIri, legeak ezarritako muga gaindituta. Hedabideei ere,Peña Nietoren hautagaitza babestu izana egotzi die.

Irregulartasunen inguruko frogak biltzen ari direla adierazi du. Esan du hauteskunde delituez arduratzen den fiskaltza berezian aurkeztuko dituztela froga horiek, eta lege aldetik jorra daitezkeen bide guztiak erabiliko dituztela, «iruzurrik» ezin dutelako onartu. Lopez Obradorren iritziz, gertatu dena «oso larria» da.

Hain justu ere, 132 Naiz ikasle mugimenduak dio gutxienez 500 «anomalia» bildu dituztela dagoeneko. Horien artean daude hautestontziak lapurtzea eta botoak erostea. Zehazki, diru truke Peña Nietoren alde bozkatzeko eskaintza jaso zuten 111 lagunenlekukotzak dituztela diote. Lopez Obradorrek goraipatu egin ditu 132 Naiz mugimendua sortu duten ikasleak.

Ezkerreko hautagaiak adierazi du Peña Nietoren aldeko botoa eman duten herritarrek ez dutela «pobreziarik pairatu» eta «ustelkeriaren erregimenari» iraunarazteko helburuarekin dihardutela.

Emaitza ezin da aldatu

Alfredo Figueroa IFEko kontseilariak jakinarazi du 45.000-50.000 hautestontzi zabaltzea aztertzen ari direla; hau da, botoen herenak.

Figueroak agerraldia egin aurretik, ordea, Alejandro Luna Ramos Hauteskunde Auzitegiko presidenteak botoak berriz kontatzeko aukera ukatu du. Lopez Obradorrek emaitzak inpugnatzeko azaldutako asmoaz, Luna Ramosek esan du alderdiek jadanik bete dutela «euren egitekoa», eta orain erabat lekuz kanpo daudela «hauteskunde legeak ezarritakotik at dauden eskaerak». Lunak argi utzi du Hauteskunde Auzitegiak ezin duela aldatuherritarrek euren botoen bidez erabakitakoa; gaineratu du «herritarrak lasai» egon daitezkeela, boto bidez adierazi duten erabakia «errespetatuko» zaielako. «Alderdi politikoek eta hautagaiek dagokiena egin dute. Beraz, orain, soilik Hauteskunde Legeak ezarritako kexak onartuko dira».

Hauteskunde epaimahaia justizia organo bat da, botoen zenbaketaz, inpugnazioen ebazpenaz eta hauteskundeetan garaile irten den hautagaia presidente izendatzeaz arduratzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.