Amaiera zoriontsua ote da hau? Hasiera berri bat?». Maroua ben Salah Tunisiako medikuntza ikasleak horixe galdetu zion bere buruari iazko urtarrilaren 14an Zine el-Abidine Ben Ali presidenteak Saudi Arabiara hegazkina hartu zuen egunean.«Nahastuta nengoen», aitortu du. Herritarren protestek erregimeneko buruzagiaren ihesa eragin zuten, eta Ben Salahengan bizimodu berri baten esperantza piztu zuten. Ben Salahen antzera, protestetan lehen lerroan egon ziren emakume gehienek pentsatu zuten «iraultzak» eskubide berdintasuna ekarriko zuela. Xirin Ebadi Irango Bakearen Nobel sariaren irabazleak, ordea, ohartarazi du ez dagoela iraultzarik emakumeek berdintasuna lortu arte.
«Ezin daiteke udaberri arabiarraz hitz egin. Ez da gertatu denaren deskribapen zehatza», esan du Ebadik. Izan ere, ez du uste herrialde arabiarretan oraingoz udaberria loratu denik, eta azken hilabeteetan izandako matxinadak 1979ko Irango iraultzarekin alderatu ditu. «Diktadore bat kendu zuten boteretik, baina tirania erlijioso batek demokraziaren tokia hartu zuen». Tunisian, Egipton eta Libian emakume askok dute Ebadik duen kezka bera, erregimen diktatorialen atzetik islamisten gorakada iritsi baita matxinada egin duten herrialde guztietan.
Al-Nahdaren beldur
Legedia berriaren oinarri xaria izateko eskatu zuen Al-Nahda alderdi islamistak, Tunisian konstituzio berria idazteko ardura duen Konstituzio Batzarraren bilera batean, iragan otsailaren 28an. Egungo konstituzioaren arabera, islama da herrialdeko erlijioa, baina Al-Nahdak haratago joan nahi du lege islamiarra indarrean jarrita. 2011ko urriko hauteskundeetan 89 eserleku lortuta, Legebiltzarreko alderdirik indartsuena da Al-Nahda.
«Emakumeen eskubideak errespetatuko dituen konstituzio bat nahi dugu, eta ez gure lorpenak zapalduko dituena», esan du emakumeen eskubideen aldeko Urriak 24 Fronteko ekintzaile batek. Emakume askok aitortu dute beldurra sentitu dutela Al-Nahdako kideen asmoen berri entzun eta gero; euren eskubideak desagertuko diren beldurra. Hain justu, eskualdeko herrialdeen artean Tunisian dute emakumeek eskubide gehien. Beste hainbat herrialde arabiarretan ez bezala, dibortzio eta abortu eskubidea aitortzen die herrialdeko konstituzioak. «Emakumeok badakigu trantsizioa gaizki ateratzen bada guk daukagula galtzeko gehien, horrexegatik gogor ari gara lanean prozesu politiko honetan», dio Ettakatol alderdi sozialdemokratako kide Omezzine Khelifak. Bozetan, baina, ez du eserlekurik lortu Khelifak.
Gaur egun indarrean dauden legeek alderdien zerrendetan emakumeak egotea exijitzen dute, eta, horrexegatik, bozetan legebiltzarreko eserlekuen %23 eskuratu dituzte, AEBetako Kongresuan baino gehiago —emakumeak ez dira %18ra ailegatzen han—. Horietako gehienak, ordea, Al-Nahdako kide dira, eta emakumearen ikuspegi tradizionala defendatzen dute. Urriko bozetatik sortu den legebiltzarrean lehen baino bi emakume gutxiago daude.
Egiptoko Iraultzan ere protagonista izan ziren emakumeak. Gizonekin batera, Tahrir plazan kanpatu ziren asko eta asko, Hosni Mubarak presidenteak etsi eta otsailaren 11n boterea uztea erabaki zuen arte. «Kairon protesten erdian egoteak indar handia eman zigun. Egiptoar izateaz harro sentitu nintzen orduan», dio Iman Bibars-ek, Emakumeen Garapenerako eta Hobekuntzarako Elkarteko buruak. Mubarakerortzeak, baina, emakumeen garaipenik ekarri ez duela-eta etsita dago. «Iraultzak ahotsa eman digu, eta hori ezin dute ezkutatu. Baina iraultza ostean emakumezkoen aurkako egoera gailendu da». Orain egoera iraultza aurrekoa baino okerragoa dela pentsatzen hasia da Bibars. Muxira Khattab Egiptok Hego Afrikan duen enbaxadorea ere kexu da Mubarak eroriz geroztik emakumezkoak baztertu dituztelako: «Aldaketaren trenak ez gaitu atzean utzi, baizik eta gure aurka egin du».
Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, hainbat lagunek Tahrir plaza hartu zuten iraultza egunetan bezalaxe. Emakumeen eskubideen aldeko aldarria egiteko elkartu ziren. Hainbat gizonezkok, baina, protesta zapuztu zuten, plazan bildutakoei etxera itzultzeko esan baitzieten, eta euren eskariek lege islamiarra urratzen zutela esan zieten.
Erabaki guneetatik kanpo
Mubaraken erregimena erori zenetik emakumeak erabaki guneetatik baztertu dituzte. Diktadorearen garaian beharrezkoa zen emakumezkoen presentzia minimo bat bermatzea legebiltzarrean. 508 eserlekuetatik 64 emakumeen esku zeuden orduan. Orain, berriz, zortzi besterik ez dute eskuratu. Anaia Musulmanen garaipenaren eta muturreko alderdi salafisten gorakadaren aurrean —bozen %28 eskuratu dituzte— etorkizun beltza aurreikusi dute emakume askok. «Harrituta geratu nintzen fundamentalisten erabateko garaipenarekin. Ez nuen halakorik espero», kontatu du «gizonezkoekin eskuz esku iraultza egiten» aritu zen Bibarsek. «Emakumezkoek egin dituzte fundamentalistak boterera eraman dituzten iraultzak. Orain gai izan behar dute euren interesak eta eskubideak defendatzeko», esan du, bestalde, Rabab el- Mahdik, Kairoko Unibertsitate Amerikarreko zientzia politikoetako irakasleak. Erronka horretan emakumeak aurrera egiteko gai izango direla uste du.
Emakumeen aurkako jazarpena iraultzaren garaian gutxitu egin zela diote datuek. Inoiz baino eraso gutxiago jasan zituzten orduan, baina, iraultza ostean berriz ere lehengora itzuli direla diote emakumezkoen eskubideen aldeko elkarteek. Martxoaren 8ko Tahrirko protestetan izandako liskarrak horren adibide direla salatu dute.
Libian ere, xaria
Libia erabat «askatu» zutela ospatzeko ekitaldia antolatu zuen NTC Libiako Trantsizio Kontseilu Nazionalak iragan urrian, Muammar Gaddafi koronela atxilotu eta hil ondoren. NTCko buru Mustafa Abdel Jalilek argi utzi zuen Libian ere emakumezkoentzat etorkizuna ez dela erraza izango. Xariaren aurkako edozein lege indargabetuko dutela jakinarazi zuen. Aurrerapen gisa poligamia legeztatuko zutela esan zuen ospakizun ekitaldian, eta bertaratu ziren gizonezkoek oihuka eta airera tiroak jaurtiz ospatu zuten iragarpena. Emakumezkoentzat, ordea, ezustekoa izan da NTCren jakinarazpena. «Ezusteko ezatsegina», ekintzaile batek salatu duenez.
51 kidek osatzen duten trantsizio gobernutik bakarra da emakumezkoa. Gobernuarentzat lan egiten duen Amel Jeraryren esanetan, oso «frustrantea» da hori. «Libiaren argazki ofizialari begiratuta, badirudi emakumerik gabeko herrialde bat dela», esan du.
Dena den, Libian bada baikortasunerako tartea, hainbat emakumeren esanetan. «Iraultzan gogor borrokatu eta gero indarra hartu dugu. Ez gara berriz ere lehen bezala atzeko eserlekuetan eseriko», dio Gaddafiren aurkako iraultzan erreboltariei armak helarazten aritu zen Sonia al-Xagruni irakasleak. «Iraultzak benetan nor garen eta dugun balioa erakusteko aukera eman digu», dio Amira Alxokri informatika ingeniariak.
Borroka fronteak
Otsailean herrialde arabiarretako ehunka emakume bildu ziren Kairon, iraultzen ondoren emakumezkoek dituzten erronkez eztabaidatzeko. Sustraiak ongi errotutako patriarkatuan eta islamismoaren gorakadan dituzte borroka fronte nagusiak batzar hartan ondorioztatu zutenaren arabera.
Dalia Ziada Egiptoko blogariak eta emakumezkoen eskubideen aldeko abokatuak ere parte hartu zuen hitzaldi horietan. Bertan bildutako emakumeei adierazi zien euren eskuetan dutela gizartea aldatzeko giltza. «Erronkarik handiena da emakumezkoek nola ikusten dugun geure burua, eta konturatzea zenbaterainoko pisua dugun gertatzen ari diren aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoetan». Erronka gogorra bada ere emakumezkoak bere balioaz jabetu behar duela dio. «Ez dago udaberririk lorerik gabe», ohartarazi du Ziadak. Izan ere, berdintasuna lortuta bakarrik loratuko da udaberria, Ziadaren esanetan.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Emakumeen egoera
Loratu gabeko udaberria
Emakumeak lehen lerroan aritu dira borrokan herrialde arabiarretan, iraultzak bizimodu berri bat ekarriko zuelakoan. Islamistek, baina, gora egin dute matxinaden ostean, eta emakume ugarik salatu dute eskubide gutxiago dituztela orain iraultza aurretik baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu