Hala amaitu zen Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldia; herritar gehienen sostenguarekin lortu zuten hori hala izatea matxinoek egun hartan. Mugimendu komunistak eta sozialistak bultzatuta egon zen, batik bat. Bideoa: Grandola, Krabelinen Iraultzaren ereserkia.
[youtube]http://youtu.be/ci76cKwFLDs[/youtube]
Krabelinen Iraultza deitu zitzaion, kalera irtendako herritarrek soldadu matxinoekin bat egin, eta fusilen ahoetan krabelinak jarri zituztelako, banan-banan, bakearen ikur gisa. "Inork ez zuen espero hori hala gertatuko zenik. Ezta zerbitzu sekretuetakoek ere. Are, NATOren eskuadra bat eta guzti zegoen Portugalen". Hala gogoratu du egun hura Vasco Lourenço militarrak, iraultza hartako protagonistetako batek.
Azoreetan zegoen orduan Lourenço, eta irrati bidez entzun zuen Portugalen zati penintsularrean gertatzen ari zena. Hara bidalia izan baino lehen, Otelo Saraiva de Carvalho lagunarekin —hori ere militarra— hitz egina zuen egoera errotik aldatzeko egin beharrekoa iraultza zela.
Hala sortu zuten Saraiva de Carvalhok eta Lourençok Indar Armatuen Mugimendua, orduko diktadore Caetanok, sorpresaz, baimendu zuena. "Egitura horrek antolatzea eta bilerak egitea baimendu zigun: ez genuen publikoki esan gobernuaren aurka konspiratuko genuenik, ezta estatu kolpea emango genuenik ere, baina faxismoa eta diktadura eraistea zen gure helburua".
Lourençok Eferi azaldu dionez, merezi izan zuen iraultzak, egungo politikariengan sinisten ez duen arren. "Hutsegiterik handiena hurrengo eguna ez prestatu izana izan zen. Ez genuen aparatua behar beste garbitu, eta horrek arazoak ekarri ditu gerora, eta horregatik gaude gaur gauden egoeran". Lourençoren ustez, egun Portugalen agintzen dutenek "galdu zutenen oinordekoak balira bezala" jarduten dute.