Hegazkin ezbeharra Okzitaniako Alpeetan

Lufthansaren lehen neurria: bi lagun kabinan

Alemaniako fiskalak esan du kopilotua gaixoaldian eta tratamenduan zegoela, baina horren berri ez ziola eman enpresari. Kopilotuak propio erorarazi zuen A320 hegazkina, bakarrik geratu zenean.

Germanwings hegazkinaren amiltzeaz Marseillako fiskala azalpenak ematen. PETER KNEFFEL, EFE
Samara Velte.
2015eko martxoaren 27a
22:06
Entzun

Kutxa beltzetako batetik ateratako informazioak goitik behera astindu ditu Germanwings 4U9525 hegaldiari buruzko hipotesi nagusiak. Kasua daraman fiskalak jakinarazi du ez zela istripua izan; kopilotuak apropos jaitsiarazi zuen hegazkina haitza jo arte, pilotua kabinatik kanpo zegoela baliatuz. Jokabide horrek pentsarazten du kopilotuak «hegazkina suntsitzeko borondatez» jardun zuela.

Informazio horri tiraka eta erabakiaren zergatien bila, ikerketa Alemaniara zabaldu da, kopilotuaren herrialdera. Eta Alemaniako fiskalak adierazi duenez, argitu dute gaixoaldian eta tratamenduan zegoela kopilotua, baina horren berri ez zuen enpresak; ezkutatu egin zuen.

Informazio horren berri izan ostean, lehen neurria iragarri du Lufthansak: kabinan une oro bi lagun egon beharko dira, Aire Segurtasunaren Europako Agentziaren aholkuei jarraituz. Norwegian Air Shuttleko bozeramaile batek ere AEBetako sistemara egokitzeko asmoa adierazi zuen atzo. Han beti bi pertsonak egon behar dute kabinan; pilotua irteten bada, laguntzaile batek hartu behar du haren lekua itzuli arte.

Hegaldiaren azkeneko ordu erdian pilotuaren kabinan grabatutako soinuetatik atera dituzte ondoriook. Brice Robin Marseillako fiskalak prentsaurreko luze batean eman du xehetasunen berri: lehenbiziko hogei minutuetan ez dute topatu arreta deitzeko moduko ezer. «Bi pilotuak ohiko moduan mintzo dira elkarrekin, adeitsu, beste edozein hegalditan bezala». Hegazkina altuera arruntera heltzen denean, pilotua jaiki eta kabinatik irteten dela entzun daiteke —hedabide batzuen arabera, komunera joateko jaikitzen da, eta ardura hartzeko eskatzen dio bere ondokoari—. Gero, atea itxi egiten da.

Irailaren 11ko atentatuez geroztik, segurtasunerako sistema bereziak dituzte hegazkinetako pilotuen kabinek. Tripulazioko kideek kode jakin batzuk dituzte bertara sartzeko. Kasu arruntetan, zenbaki sekretua sartu eta soinu bidezko abisu bat igortzen da automatikoki; barruan dagoenak kamera bidez ikus dezake kanpokoa nor den, eta behar izanez gero atea blokeatu. Barrutik erantzunik heltzen ez den kasuetan —gidatzen ari denari zerbait gertatu zaiolako, esaterako—, baimenik gabe ere sartzeko aukera dute kanpokoek, baldin eta propio giltzapetuta ez badago.

Germanwings hegaldiaren kasuan, kopilotuak atea propio blokeatu zuela uste du fiskaltzak. Grabaketetan pilotuaren oihuak eta kolpeak entzun omen daitezke, berriz sartzen uzteko eskatuz. Barrutik ez da erreakziorik antzematen, baina kopilotuaren arnas hotsetatik ondorioztatu dute azkenengora arte esna egon zela. Jaisten hasteko agindua ezin zukeen kasualitatez eman; aitzitik, «lurreratze arrunt baten modukoa» izan zen beheraldia, mila metro ingurukoa minutuko. Bidaiariak ez ziren jabetu gertatzen ari zenaz azken unera arte; soilik lurra jo aurreko minutuan entzun daitezke garrasiak atzealdean.

Arreta mediatiko guztia kopilotuaren inguruan bildu da orain. Fiskalak ez du datu askorik eman nahi izan pertsonari buruz: alemaniar naziotasuneko gizonezko gaztea zela baino ez. Gainerakoa hedabideek ekarri dute argitara: Lufthansa konpainian jaso zuela prestakuntza, eta duela bi urte hasi zela haren kostu apaleko adarrarentzat lanean. 630 ordu inguru zeuzkan airean eginda. «Erabateko gaitasuna zeukan hegazkina bakarrik pilotatzeko», jakinarazi du Carsten Spohr Lufthansako buruak. Argitzeko dago oraindik zergatik erorarazi nahiko ote zukeen hegazkina beste 149 lagun barruan zeudela. Suizidio gisa klasifikatu ote litekeen galdetuta, hitz hori saihestu nahi duela esan du Robinek. Hasiera batean baztertu egin dute motibazio politikoren bat izan zitekeela kausa, kopilotuak ez zeukalako «terrorismoarekin» lotutako aurrekaririk. Nolanahi ere, Polizia bere etxebizitza miatzen hasi zen atzo.

Segurtasuna berriz auzitan

Lufthansako eta Germanwingseko zuzendariak betilun agertu dira prentsaren aurrera. Onartu dute «amesgaizto okerrenean ere ezin» zezaketela halakorik irudikatu, baina kasu bakana izan dela, eta ezin zela inondik ere aurrez ikusi. Oraingoz kargurik gabeko kantzelazioak eskaintzen hasi dira hegazkina hartu nahi ez duten bidaiariei. Angela Merkel kantzilerrak ere hitz egin du: «Pertsona gehienei bezala eragiten dit albiste honek; gertatuak sinetsi ezinezko dimentsio bat hartu du orain».

Kolpe gogorrena biktimen senideek hartu dute. Atzo heldu ziren lehenbizikoak Okzitaniako Seyne-les-Alpesera, gutxienez hiru autobusetan. Erreskate taldeak ere hasi dira gorpuzki batzuk hondakinen artetik ateratzen eta menditik jaisten, baina haiek identifikatzeko prozesuak luze joko duela ohartarazi dute forentseek. Hegazkina birrinduta geratu zen haitza jo ondoren; «zati bat ere ez da motxila txiki bat baino handiagoa», azaldu du bertan izan den argazkilarietako batek. Biktimak DNA frogen bidez identifikatzen ahaleginduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.