Beste behin, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen aurkako protesta jendetsuak egin zituzten atzo herrialdeko hainbat hiritan, eta haren dimisioa exijitu. Tokiko prentsaren arabera, 100.000 lagun inguru bildu ziren Minsk hiriburuan, nahiz eta protestak hasi aurreko orduetan militarrek kale guztiak inguratu. Poliziak gogor jo zuen manifestarien aurka, eta negar gasa erabili zuen horiek sakabanatzeko. Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, berrehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.
Protestariek zazpigarren igandez jarraian hartu zituzten Minskeko kaleak: bandera zuri-gorriak astindu, eta Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruaren aldeko pankartak eraman zituzten; erbestean dago Tikhanovskaia. Gainera, oposizioko liderra modu sinbolikoan inbestitzeko ere aprobetxatu zuten parada: “Svetlana da gure presidentea”. Hain zuzen, Lukaxenkok joan den asteazkenean egin zuen kargua hartzeko inbestidura saioa, ia modu sekretuan egin zen zeremonia batean.
Oposizioko buruak protestekin jarraitzera bultzatu zituen haren aldekoak. “Gure protestaren 50. eguna da, eta Bielorrusiako herriak kaleak hartuko ditu berriro. Erregimen hau geldiarazteko atera gara, eta modu baketsuan egiten ari gara. Demokrazia herria da”.