Alderdiak ez du baieztatu, baina hainbat hedabideren arabera, erabakia hartuta dago: Lula ez da PT Langileen Alderdiaren hautagaia izango. PTk ez du hautagairik gabe gelditu nahi, eta Lularen hautagaitza baztertzea erabaki du. Fernando Haddad izango da alderdiko hautagaia, Lularen presidenteorde izateko hautagaia zena.
Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta kartzelatuta dago Lula joan den apirilaren 7tik, eta TSE Hauteskunde Auzitegi Nagusiak, gainera, haren hautagaitza baliogabetu zuen irailaren hasieran. Urriaren 7an dira egitekoak hauteskundeak, eta gaur amaitzen da hautagaiak aurkezteko epea. Bi aukera zituen PT alderdiak: helegiteak jarri eta Lulari aurkezten utziko zioten itxaropenari eutsi, edo beste hautagai bat aurkeztu. Azkenean bigarren aukeraren alde egin du, afera auzitegien esku utziz gero, hautagairik gabe geldintzeko arriskua baitzuten —Auzitegiek baimenik eman ezean, ez zuten izango beste hautagairik aurkezteko aukerarik—.
Lula presidente zenean hauspotutako lege bati heldu zion auzitegiak aurkeztea debekatzeko ebazpena argudiatzeko. 2010ean onartutako lege horren arabera, bigarren instantzian zigortua izan denak ezin du kargu publiko baterako hautagai izan. PTk ohar batean salatu zuen "eliteen esanetara" jokatzen ari dela auzitegia. Bide judiziala agortu arte "borrokan" jarraituko duela esan zuen Langileen Alderdiak, eta jakinarazi du Lularen kartzelatzearen kontrako bi helegite jarrita dauzkala STJ Auzitegi Nagusian eta STF Auzitegi Gorenean. Hauteskunde Auzitegi Nagusiaren erabakia ere inpugnatzekotan ziren, baina hautagaia aseguratu dute.
Haddad Sao Pauloko alkate ohia da, eta unibertsitateko irakaslea. Ustelkeria auzietan narrastu gabe dagoen alderdiko kide bakanetako bat da.