Euskal Herrian 22:00ak direnerako Poliziarengana entregatzeko agindu dio Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohiari Sergio Moro epaileak. Atzo ukatu zioten Lulari helegite guztiak argitu arte libre egotea, eta haiek argitu bitartean ere espetxean egon behar duela esan zuen Brasilgo Auzitegi Gorenak. 24 ordu baino lehen eman du epaileak hura espetxeratzeko agindua.
Hala ere, Lulak esan du ez duela bere burua entregatzeko asmorik, eta haren defentsak NBE Nazio Batuen Erakundera jo du kautelazko neurrien bila. Abokatuek nahi dute Brasilgo Gobernuak espetxeratzea eragoztea, presidente ohiaren aurkako prozesu judizial guztia bukatu arte. Sao Bernardo do Campoko metalurgia sindikaturen egoitzan dago Lula, jarraitzailez inguratuta —han hasi zuen sindikalgintza ibilbidea 1970eko hamarkadan—.
Lula zazpi ustelkeria kasutan inputatuta dago. Horietako baten ondorioz, bederatzi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen lehen istantziako auzitegiak, ustelkeriagatik eta diru garbiketagatik, Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jato operazioaren barruan. Bederatzi urteko zigorrak, ordea, gora egin zuen bigarren instantziako auzitegian, hamabi urtera arte. Espetxea saihesteko habeas corpusa eskatu zuen bere abokatuak, baina auzitegiak ukatu egin dio.
Lulak berak txarretsi egin du epailearen agindua. CBN-n egin dioten elkarrizketan salatu du Morok "politikoki" erabili duela auzia eta urratu egin duela bere defentsarako eskubidea.
Urriaren 7an bozak egitekotan dira Brasilen; Lula hautagaia da; eta irabazteko aukera nabarmenak ditu, inkesten arabera. Hura espetxera igortzeak, herritarrak haserretu ditu.