Brasil

Lula kartzelara bidean jarri du Auzitegi Gorenak

Aztoratuta daude herritarrak Brasilen, batzuk Lularen alde eta besteak kontra. Kaleak haserreak hartuta zituen unean, presidente ohia espetxeratzearen aldeko erabakia eman du Auzitegi Gorenak.

Lula da Silva, artxiboko irudi batean. ANTONIO LACERDA, EFE
2018ko apirilaren 5a
07:23
Entzun

Espetxeko ateak ireki eta urrian egitekoak diren bozetan aurkezteko aukera kendu. Horixe egin dio Brasilgo Auzitegi Gorenak presidente ohi Luiz Inacio da Silva Lula-ri. Hark eskatutako habeas corpus-aren inguruko ebazpena eman du goizaldean Gorenak. Sei epaile agertu dira Lula espetxeratzearen alde, eta bost kontra. Zatiketa izan da epaimahaian, eta zatiketa da herrialdean ere. Bitan banatuta, protesta ugari egin dituzte azken orduotan.

Presidente ohia zazpi ustelkeria kasutan inputatuta dago. Horietako baten ondorioz, bederatzi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen lehen istantziako auzitegiak, ustelkeriagatik eta diru garbiketagatik, Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jato operazioaren barruan. Bederatzi urteko zigorrak, ordea, gora egin zuen bigarren instantziako auzitegian, hamabi urtera arte. Bigarren epai horrek espetxeratzea ekarri behar zukeen presidente ohiarentzat, orain arte epaileek jarraitu duten jurisprudentziak hala adierazten duelako, baina Lularen defentsak habeas corpus bat eskatu zuen, eta Auzitegi Gorenak aztertzea onartu. Aztertu ostean, baina, ez dio arrazoirik eman, eta hura preso sartzea hobetsi dute epaileek, 11 orduko eztabaidaren ostean. Ez dute kartzeleratzeko agindurik eman momentuz, eta Lula, oraindik, libre dago.

Hala ere, prozedurak aurrera jarraituko du. Baztertu duten helegitearen eskaera zen presidente ohia ez espetxeratzea beste bi helegiteei buruz erabaki arte. Lehena Auzitegi Nagusian, eta bigarrena Gorenean bertan. Ebazpen horiek behin betikoak izango dira. Prozesu horrek, ordea, bi urte iraun dezake.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.