Urriaren 7an egitekoak dira hauteskundeak Brasilen, eta Luiz Inazio da Silva Lula hautagai aurkeztekotan da. Presidente ohia preso sartu zuten apirilean, eta atzo haren askatasunari buruzko gatazka judiziala izan zen Brasilen.
Epaile batek Lula askatzeko agindua eman zuen goizean. Rogerio Favreto guardiako epaileak habeas corpus-aonartu zion, eta presoa berehala aske uzteko agindu zuen. Kanpainaurrean parte hartu ahal dezan hartu du erabakia epaileak.
Erabakiak, baina, kontrako errakzioak eragin ditu berehala herrialdeko justizia sisteman. Lula espetxera bidali zuen Sergio Moro epaileak —9 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri zion, lehen instantzian— kritikatu egin du Favreto epailearen autoa, eta nabarmendu du erabaki hori hartzea ez dagokiola berari.
Ordu gutxiren buruan, Joao Gebran Neto epaileak indargabetu egin du Lula aske uzteko erabakia. Gebran Netok du Lava Jato ustelkeria kasuaren instrukzio ardura, eta hark Lula zigortu zuen bigarren instantzian, 12 urteko espetxe zigorrera.
Gatazka ez da horretan gelditu, Favretok beste behin agindu baitu Lula aske uztea. Polizia Federalak, ordea, ez du agindua bete, epaileen arteko kontraesanak direla eta. Lurraldeko Auzitegi Federaleko presidenteak moztu du eztabaida. Haren esanetan, Lularen askatasunaren gaineko erabakia Lava Jato auziko instrukzio epaileari dagokio.
Favretok Lula aske uzteko agindu duen autoan argudiatu du espetxealdiak ez diola presidente ohiari uzten hautagai gisa dagozkion eskubideak gauzatzen.