Brasil

Lularen aurkako espetxe zigorra berretsi du bigarren instantziako auzitegiak

Hiru epaileek erabaki dute presidente ohia zigortzea haren aurkako ustelkeria akusazioengatik. Ez dute kartzelan sartuko, helegiteak argitu arte bederen.

Lula da Silva, atzo, artxiboko irudi batean. JOéDSON ALVES, EFE
2018ko urtarrilaren 24a
20:55
Entzun

Luiz Inacio Da Silva Lula-k hitzordu garrantzitsua izan du gaur epaitegietan; izan ere, Porto Alegreko hiru epaileren erabakiak baldintzatuko baitu haren etorkizun politikoa, eta Brasilgoa. Datozen urriko bozetara begira egiten ari diren inkesta guztietan agertzen da irabazle, gaur-gaurkoz arerio sendorik izan gabe. Hori dela eta, Lulak salatu du Langileen Alderdia berriz ere boterera itzultzea galarazteko estragiaren parte dela prozesua.

Auzitegiko hiru epaileek bozkatu behar zuten aurrez ezarrita zuen bederatzi urte eta erdiko espetxe zigorra berretsi ala ez, eta hirurak agertu dira alde. Joao Pedro Gebran Neto instrukzio epaileak eta Leandro Paulsenek zigorra handitzeko eskatu dute. Gebran Netok hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du. "Behar adinako frogak daude azaltzeko Lula izan zela ustelkeria sarearen artikulatzaileetako bat, ez bazen nagusia izan", esan du Gebran Neto epaileak. "Uste dut erruduntasuna izugarri larria dela, presidente ohia dela kontuan hartuta". 

Lulari ustelkeria eta dirua zuritzea leporatu zion Sergio Moro epaileak: frogatutzat jo zuen OAS enpresak etxe bat eman ziola Petrobraseko kontratuak eskuratzearen truke. Lulak beste zazpi auzibide dauzka zabalik.

Defentsak hainbat helegite jar ditzake, eta Justizia Auzitegi Gorenera irits daiteke. Porto Alegreko auzitegiak zehaztu du helegite guztiei buruz erabaki arte, Lula ez dutela espetxean sartuko.

Erabaki judiziala gorabehera, bere hautagaitza abuztuaren 15era bitartean aurkez dezake, Hauteskundeen Auzitegi Nagusian. Hautagaitza inpugnatuko balute, Hauteskundeen Auzitegi Nagusiak aztertuko luke inpugnazioa, baina bien bitartean, kanpaina egin lezake, eta hautagaia ere alda dezake alderdiak, bozak baino hogei egun lehenagora arte. Dena den Langileen Alderdiak berretsi du Lula dela hautagai bakarra.

Jendetza, auzitegiaren aurrean

Atzotik Porto Alegren jendetza dago Lularen aurkako prozesuaren kontra protesta egiten, eta segurtasun neurri izugarriak hartu dituzte. Poliziaz eta armadaz gainera, frankotiratzaileek inguratuta dute auzitegia.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.