leherketa Zaragozan

Lunako kuarteleko lehergailua ETAk jarri duela uste du Espainiako Barne Ministerioak

Gaur goizean Lunako (Zaragoza, Aragoi) Guardia Zibilaren kuartelean zartatu den lehergailua ETAk jarri duela uste du Espainiako Barne Ministerioak. Jose Antonio Alonso ministroaren arabera, orain arteko aztarna guztiek hala dela adierazten dute. Nolanahi ere, Guardia Zibileko artezilariek azterketak amaitu arte ez dagoela baieztatzerik zehaztu du. Eusko Jaurlaritzak atentatua gaitzetsi du, eta eztandaren ondorioak okerragoak izan zitezkeela ohartarazi.

2004ko abenduaren 22a
19:29
Entzun
Goizeko zazpiak eta hamar aldera zartatu da Lunako Guardia Zibilaren kuarteleko fatxadara itsatsita zegoen lehergailua, etxebizitza baten alboan. Kuartelean familia bat bazegoen ere, kalte materialak baino ez ditu eragin, eta haiek ere txikiak: arrakala batzuk utzi ditu fatxadan, etxebizitzako sabaia kaltetu du eta kristal batzuek hautsi ditu. Inork ez du lehergailuaren abisurik eman.

Espainiako Gobernuaren Zaragozako ordezkariorde Juan Jose Rubiok agertu duenez, motxila baten barruan zegoen lehergailua, boltsa horren hondakinak aurkitu baitituzte, eta bi kilo ingurukoa zen. Usainagatik amonala dela uste dutela zehaztu du Rubiok.

Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroaren iduriko, ETA izan da atentatuaren egilea. Guardia Zibileko artezilariek ez dutela oraindik ikerketa amaitu zehaztu du Alonsok, baina orain arteko aztarna guztien arabera ETA izan dela.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, atentatua gaitzetsi du eta elkartasuna adierazi die kaltetutako guztiei. Hain zuzen ere, leherketa gertatu denean kuartelean senar-emazte bikote bat eta haien semea zegoela oroitarazi du Jaurlaritzak, eta inork abisurik eman ez duenez, zoritxarra askoz ere handiagoa izan zitekeela ohartarazi du.

Zaragozako Cinco Villas eskualdean dago Luna herria, Nafarroatik oso hurbil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.