Lur idorra odolez bustitzeko atarian

Eritreako 1.500 soldadu eta 14 tanke sartu dira NBEren kontrolpean dagoen segurtasun eremura; 2000. urtean sinatutako bake hitzarmena urratzea leporatu dio Etiopiak.

arantxa elizegi egilegor
2006ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Badmen ez dago ezer. Ez dago petroliorik, harribitxirik edo gasik. Soilik lur lehorra eta bakean bizi nahi duten herritarrak. Baina Eritrea eta Etiopiak beraientzat nahi dute lurralde hori. Bi herrien arteko mugan dagoen 25 kilometro zabal eta 900 kilometro luze dituen eskualdea da Badme. 2003an, ordura arte Etiopiak erabiltzen zuen lurraldea, Eritrearen esku uztea erabaki zuen nazioarteko batzorde batek. Baina erabakia ez da oraindik indarrean sartu Addis Abebak onartu ez duelako. Asmara, berriz, ez dago lurraldearen administrazioa negoziatzeko prest.

Horiek hala, NBE Nazio Batuen Erakundeko tropek segurtasun eremu bat jarri dute Badmen, etabateko eta besteko soldaduek debekatua dute hara sartzea. Aste honetan, ordea, Eritreak urratu egin du agindua eta 1.500 soldadu eta 14 tanke bidali ditu hara, uzta biltzeko aitzakiarekin. NBEren esku zegoen kontrol-gune bat ere beren gain hartu dute. Etiopiak bake hitzarmena urratzea leporatu dio Eritreari, eta nazioarteak ere gogor salatu du ekintza.

Bi herrialdeen arteko gatazka aspaldiko kontua da. 1962tik 1993ra, Eritrea Etiopiaren menpeko probintzia izan zen. Urte hartan, ordea, banatu egin ziren. Banaketa baketsua izan zen hasieran. Eritrea Italiaren menpe zegoen garaiko mugak -1902- jarri zituzten, eta horien arabera, Etiopiarena zen Badme. Baina 1998ko maiatzean Eritreako armada sartu egin zen, lurraldea berea zela aldarrikatzeko. Gerrak hiru urte luze iraun zituen eta milaka hildako eragin zituen bi aldeetan. Era berean, aspalditik eremu horretan bizi ziren ehunka eritrearrek errefuxiatu guneetara egin behar izan zuten ihes.

AKORDIOA BAI, BENETAKO SU-ETENIK EZ. Duela sei urte sinatu zuten bi aldeek bake akordioa. Horren bidez Eritrea eta Etiopiako mugak zehazteko nazioarteko batzorde independentea sortu zuten. Biek hitzeman zuten haren erabakiak onartuko zituztela. Hark eskualdea Eritrearen esku uztea erabakia zuenean, baina, Etiopiak ez zuen ebazpena onartu. Asmarak, berriz, nazioartearen laguntza eskatu zuen soldadu etiopiarrak handik bidaltzeko. 2004an, ulertu zuen Addis Abebak indarrez ez zituela urteetan bereak izan ziren lurrak berreskuratuko, eta mugak berretsi aurretik Asmararekin negoziatu nahi zuela iragarri zuen. Horrek erantzun zion batzordearen erabakia aldaezina zela, eta ez zegoela negoziatzeko ezer.

Geroztik eraso ugari egin dituzte mugaren bi aldeetan. Duela bi urte, esaterako, atentatu bat egin zuten Badmeko Barentu herrian. Eritreako agintariek Etiopiak eta Sudanek ordaindutako milizianoei egotzi zieten hiru hildako eragin zituen leherketa. Haiek, baina, ukatu egin zuten salaketa. Bestalde, nazioarteko soldaduak Etiopia lurraldetik bidaltzeko gai ez zirela ikusita, iaz Eritreak mugatu egin zizkien mugimenduak.

Gaur egun, Etiopiako lehen ministro Meles Zenawik negoziatzeko prest jarraitzen du, baina herritarrak eta oposizioa aurka ditu. Joan zen urte bukaeran, 50.000 manifestari bildu ziren elkarrizketak eteteko eskatzeko. «Akordioak atzerritarren esku utzi zituen Etiopiaren lurrak, zeinak milaka seme ausarten odolarekin eta heriotzarekin lortu genituen», salatu zuen oposizioko buru Gebur Asratek.

HERRITARRAK GALTZAILE. Gerra guztietan bezala, Eritrea eta Etiopiaren artekoan ere herritarrak dira galtzaile handienak. Badmeko etiopiar eta eritrear askok ihes egin behar izan dute handik, errefuxiatu guneetara, alde batekoen eta bestekoen erasoen beldur. «Jendea beldur da, bi aldeetako soldaduak mugara etortzeko prestatzen ari direla ikusten dituztelako», dio Zalambessako elizako moja Kahsa Abrahak. Etiopiako armadako arduradun Eyasu Mengeshak ukatu egin du inor erasotzeko asmoa dutela. Haren esanetan, beren buruak defendatzeko bidali dituzte soldaduak mugara: «Jakina da Eritreako Gobernuaren mugimenduak ezin direla aurreikusi, eta hobe da edozertarako prest egotea».

Bestalde, Eritrean gatazka arriskua ikusita, 18 eta 40 urte arteko herritar guztiak soldaduska egitera derrigortzen dituzte. Arazoa da, maiz adingabeak beren familiengandik urruntzen, eta soldaduska ikasketak amaitu baino lehen egitera derrigortzen dituztela. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute horrek haurren eskubideak urratzen dituela. Gobernuak, aldiz, ukatu egin du halakorik, esanez hori dela baliabide ezari aurre egiteko era bakarra.

Etiopian, iazko protestetan, 199 lagun hil zituztela jakinarazi dute

erredakzioa

Iazko maiatzeko hauteskundeen ostean, milaka pertsona atera ziren Etiopiako hiriburuko kaleetara Gobernuaren kontra protestatzera. Demokraziaren arauak ez betetzea leporatzen zioten. Agintariek segurtasun indarrak bidali zituzten manifestarien kontra. Ekainean eta azaroan izan ziren enfrentamendu gogorrenak. Iturri ofizialen arabera, ekainean 35 pertsona hil ziren borroketan, eta azaroan, berriz, 26. Aldiz, auziaz arduratzen den epaileak jakinarazi zuen atzo, orotara 199 pertsona hil zirela borroketan. Sei poliziak, eta beste guztiak zibilak. Dena den, hildakoen kopuruak gora egin dezake hurrengo egunetan, lekuko asko deklaratzera joateko beldur direlako.

«Sarraskia izan zen. Manifestariek ez zuten armarik eta gehienak tiroz hil ziren. Segurtasun indarrek gehiegikeriaz erantzun zuten», salatu du Wolde-Michael Mesheshak. Bera ikerketa batzordeko kidea zen, baina jendea horren berri izan zuenean mehatxuak jasotzen hasi zen, eta ihes egin behar izan zuen emaztea eta haurrak atzean utzita. Asiloa eskatu du Europan.

Ikerketa independentearen arabera, hildakoetako 40 nerabeak dira. Horiek artean daude 14 urteko neska-mutiko bi. Tiroz hil zituzten biak. Enfrentamenduetan 700 pertsonatik gora zauritu ziren. Atxilotuak 20.000 inguru izan ziren. Horietatik 100 oposizioko buruak ziren.

TIRO EGITEKO BAIMENIK EZ. Wolde-Michaelek azaldu duenez, ikertzaile taldeak sei hilabeteko tartean hartu zuen lekukoekin hitz egiteko. 600 pertsonekin hitz egin zuten. Besteak beste, lehen ministro Meles Zenawirekin, poliziekin, lekukoekin eta Gobernuko arduradunekin. Lehen ministroak nabarmendu zien segurtasun indarrek ez zutela tiro egiteko baimenik.

«Herritarrak bidegabeki hil zituzten. Adinekoak beren etxeetan hil zituzten eta haurrak jolasean ari ziren bitartean», salatu du kasuaz arduratzen den Frehiwot Samuel epaileak. Etiopiako apaiz ortodoxo Estatuose Gebrekristosek salatu du ez zegoela egin zutena egiteko inolako arrazoirik.

Batzordeko zortzi kidetatik bik kidek ontzat eman dute Gobernuaren erantzuna. «Uste dut manifestarien helburua agintariak kargutik kentzea zela. Horregatik sostengatzen dut Poliziaren jarrera», argudiatu du Etiopiako Afera Islamikoetarako Batzordeko presidente Elias Redmanek. Gobernuak ez du adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.