Palestina

Lur okupatuetan diharduten enpresen zerrenda eskatu dute 400 israeldar ezagunek

Nazio Batuen Erakundeari esan diote esku har dezala "Israelgo Gobernuaren kolonizazio politikaren kontra, gatazkaren hondatze azkarra arintzeko".

Pisgat Ze'ev kolonia judaren eta Zisjordaniako Ata herriaren arteko horma. ATEF SAFADI, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 30a
13:46
Entzun

Intelektualek, artistek, ekintzaileek, eta goi kargudun eta politikari ohiek osatzen dute 400 pertsona baino gehiagoren ekinaldia. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen mandatariari bidali diote, "herritar leial gisa"  lehenbailehen esku har dezala eskatzeko. Jerusalem Ekialdean eta Zisjordanian negozioak egiten dituzten enpresen izenak jakin nahi dituzte, horixe baita NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak erabaki zuena, 2016an, baina ondoren 2017ko abendura arte luzatu zuen epea, gehiago luzatzeko aukerarik gabe. Israelek, AEBek eta Europak eskatu zuten ez argitaratzea, baina kontseiluak aurrera egitea erabaki zuen 36 herriren babesari esker. AEBek eta Togok bozkatu zuten azkenean kontra, eta bederatzi abstenitu egin ziren. Orain zerrenda ez argitaratzeko presioak alde batera utz ditzala eskatu diote kontseiluari, epea bete dela eta.

Zerrendaren sinatzaileetako bat da Ilan Baruch Israelgo enbaxadore erretiratua, eta sinatzaileen egitasmoa zen den azaldu du: "Nazioarteko presioa nabaria da zerrenda argitara ez dadin, eta esan nahi dugu oso interesatuak gaudela zerrendaren berri izateko, eta eztabaida nazionala sortzeko gaiari buruz". Kezkaturik daude diplomazia egiten ari den presioaz, izan ere, haien ustez, "palestinarren kanporatzea erabat loturik dago kokalekuetan enpresok egiten ari diren hedapenarekin".

Testuan diotenez, "Jerusalem Ekialdeko eta Zisjordaniako kokalekuek palestinarren giza eskubideen urraketa eragiten dute, eta urraketok apartheid-a gogorarazten dute. Etorkizuneko edozein baketze edo adiskidetze suntsitzen dute".

Zatiketaren 70 urte

Atzo duela 70 urte onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak Palestina bi estatutan banatzeko proposamena. Estatu juduari lurren %55 eman zitzaizkion —herritarren %33 ziren—, eta milioi erdi palestinar ziren juduei emandako lurretan. Israeldar gehienek begi onez jo zuten erabakia, baina palestinarrek kexua egin zuten NBEk jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea urratzen zuelako.

Banaketa egin eta hurrengo egunean hasi ziren talde armatu sionistak "garbiketa etnikoa" egiten, eta 1949ra arte iraun zuen. Bi urte horietan 800.000 palestinar kanporatu zituzten, errefuxiatu bilakatuz. 400.000 juduei emandako lurretatik, eta beste horrenbeste, arabiarren estatuan juduek hartutako lurretatik, 1948ko gerraren ostean.

70 urte geroago, errepresioak ez du amaierarik. Gaur bertan, goizean, palestinar bat hil dute Zisjordanian tiro batez. Ghasan Douglas palestinar ekintzailearen arabera, kolonoek hil dute. Nekazariak lanera zihoazela, israeldarrek eraso zieten, eta herriko palestinar batzuek aurre egin zieten. Israelgo armadaren bertsioaren arabera, handik igarotzen ari ziren zibilak dira israeldarrak, eta horietako batek tiro egin zuen bere burua defendatzeko, palestinarrak harriak jaurtitzen ari zirela eta.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.