Zientzia

Lur planetaren hiru laurdenak eraldatu ditu gizakiak

Ekosistema aniztunenak dituzten eremuen %97 ere eraldatu du gizakiak. "Biodibertsitate krisiaz" ohartarazi dute adituek, eta "garapen jasangarria" aldarrikatu.

Gizakiak sortutako hondakinak, Costa Ricako Tarcoles ibaiaren ertzean. Zazpi puntu hazi da aztarna ekologikoa ingurune horretan. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
Ane Zuazubiskar Iñarra.
2016ko abuztuaren 24a
12:50
Entzun

Aztarna ekologikoa neurtzeko mundu mailako ikerketa baten ondorioak dira datuok. Gizakiek naturan duten eragin zuzena kalkulatzeko erabiltzen den parametroa da aztarna ekologikoa. Besteak beste, kontuan hartzen ditu azpiegituren eraikuntza, argi kutsadura eta populazioaren dentsitatea. Elkarlanean egin dute ikerketa; nazioarteko zoztzi unibertsitatek eta ekosistema basatien zaintzarako elkarte batek parte hartu dute, eta Nature Communications zientzia aldizkarian argitaratu dute.

Gizakiak Lurraren hiru laurdenak eraldatu dituela ondorioztatu dute, eta habitat naturaletan planeta mailako aldaketak eragin dituela. "Kezkagarritzat" jo dituzte datuak ikerlariek, baina etorkizunari ireki diote leiho bat: "Baliabide naturalak modu eraginkorragoan erabiltzen ditu gizakiak; poztekoa da hori".

Ikerlarien arabera, eragindako kalteak astiroago ari dira hedatzen hazkunde demografiko eta ekonomikoa baino. Hori diote 1993 eta 2009. urteen artean jasotako datuek: giza populazioa %23 hazi zen, eta jarduera ekonomikoa, %153; aztarna ekologikoa, berriz, %9 hazi zen.

"Garapen jasangarrirako" deia

Aztarna ekologikoa murrizteko, "garapen jasangarria" aldarrikatu dute: "Babes handia duen ideia da garapen jasangarriarena. Datuek erakusten dute planeta mailan ere lor daitekeela, gizakiak hiri eta herrietan bizitzen geldituz gero. Kaltetu gabeko natur eremuak babestuko genituzke horrela".

Gobernuei kargu hartu diete zientzialariek, eta ingurumenari kalte egiten dioten jarduerak "kudeatzeko" eskatu. Ehunka mapa osatu dituzte aztarna ekologikoari buruzko datuekin, eta Interneteko atari batean bildu dituzte, datuei buruzko azalpenekin batera. Arduradun politiko eta ikertzaileen eskura jarri nahi izan dituzte mapak, "babestu beharreko ingurune basatiak identifikatzeko" lagungarri izan daitezen; baita kaltetutako eremuak berreskuratzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.