Lurrikararen epizentroa Dorud hiritik hurbil kokatua zen, Teheran hiriburutik 400 kilometro hego-mendebaldean. Hiru astinaldi izan ziren ostegun gaueko 23:45 eta ostiral goizaldeko 05:01 bitartean. Azkeneko hau zen indartsuena izan, 6ko magnitudea izan baitzuen Richterren eskalan. Lehen bi astinaldiek 4,7 eta 5,1 gradukoak ziren, hurrenez hurren. Hauek sortutako izualdiak biktimen kopurua gutxitu zuen, herritar askok euren etxeetatik kanpo nahiago izan baitzuten gaua pasatu.Hala eta guztiz ere, lurrikarak gutxienez 70 hildako eta 1.265 zauritu eragin zituela zehaztu zuten Luristan probintziako agintariek atzo. Balantze hori ez dela askoz ere gehiago larriagotuko adierazi zuen atzo arratsaldean Luristango gobernari Mohammad Reza Mohseni Sanik. Honek emandako datuen arabera, lur astinaldiek 330 herri kaltetu dituzte guztira. Hauetan nabaritutako galerak %30etik %100era bitartekoak ziren. Etxebizitza eta bestelako eraikinetan izandako galera handi hauek Irango eskualde askotan eraikuntzarako baliatzen diren materialek azaltzen dituzte, zeren eta, bastiza gehienak lurrez eta adreiluz egindakoak baitira.Hildako kopuru handiena Borujerdeko hirialdean izan zen: 45 lagunek bizia galdu zuten han. Dorudeko hirialdean, berriz, hildakoak 21 izan ziren. Zaurituak mila bat inguru direlarik, Luristan probintziako erietxeek ez dute hauen guztien artatzeko gaitasunik eta zaurituetatik asko eskualde auzoetara eraman behar izan dituzte. Etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrentzat, berriz, oihal aterpeak eta estalkiak premiaz hornitzeko deia egin du Luristango gobernariak. Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek laguntza eskaera honi erantzun dio, Luristanerat premiazko sorospenerako jarduleak eta materialak helaraztea manatu baitu. Irango Ilargi Gorriko zuzendari Mohsen Drikvanik iragarri du salbamendu jarduerak amaitutzat eman daitezkeela eta, honezkero, sorospen taldeen lana kaltetuei laguntza ematea izango dela.
AEBek laguntza eskaini dute
Gurutze eta Ilargi Gorriko Nazioarteko Federazioak, anartean, iragarri du laguntzaile taldeak Iranerat joaiteko prest daudela, bizitegirik gabe geratu direnei aterbeak hornitzeko, baita elikagaiak eta sendagaiak eramateko ere. Iranekin kalapita gorrian izan arren, Ameriketako Estatu Batuek ere laguntza eskaini zioten Teherani.
«Auziak baditugu Irango Gobernuarekin, baina Irango herriaren pairamenek kezkatzen gaituzte», adierazi zuen George W. Bush presidenteak atzo, AEB, Kanada eta Mexikoren artean Washingtonen izan zen goi bileraren amaierako prentsaurrekoan. «Beti prest gaude mundu osoko herri kaltetuei giza laguntza ekartzeko», adierazi zuen bestetik, Erresuma Batuan bisita ofizialez zegoen Condoleezza Rice AEBetako diplomaziaburuak. Washingtonek laguntza eskaintza egin zuen 2003ko abenduan ere, lurrikara batek Bam hiria suntsitu zuelarik.
Iranek sarritan pairatzen ditu lurrikarak, lurrazpian hainbat arraildura baititu herrialdeak. Azken urteotako lurrikararik larrienak Bam hiriaren %70 suntsitu zuen 2003ko abenduaren 26an, eta 26.271 lagunen heriotza eragin zuen. Iragan mendean gertatutako lur astinaldirik larriena, baina, 1990eko uztailaren 20an gertatu zen, Irango ipar-ekialdean. Honetan, 60.000 lagun inguru hil ziren eta beste 200.000 zauritu; 700.000 herritar, berriz,etxerik gabe geratu ziren.
Azken urteotako lurrikarak
2000ko otsailaren 3a: Hildako bat eta sei zauritu Bardestan hiria astindu zuen 5,4 graduko lurrikaran.
2002ko ekainaren 22a: Epizentroa Qazvin hiri inguruan izan zuen 6 graduko lur astinaldi batek 230 herritar hil zituen eta beste 2.000 zauritu.
2003ko abenduaren 26a: Bameko hiri zaharra suntsitu zuen 6,3 graduko lurrikaran 26.271 lagun hil ziren.
2004ko maiatzaren 28a: Gutxienez 30 lagun hil ziren Nur eskualdea astindu zuen 6,2 graduko lurrikaran.
2005eko otsailaren 22a: Lurrikara Kerman probintzian, Irango hego-ekialdean; 6,4 gradu. 600 hildako.
2005eko azaroaren 17a: Lurrikara Persiako Golkoko Kishmeko uhartean. 5,7 graduko magnitudea. 10 hildako.
2006ko martxoaren 26a: Hormuzganeko probintzian izan zen astinaldia. 6 gradukoa. Hildako bat.
2006ko martxoaren 31: 70 hildako eta 1.300 bat zauritu Luristango eskualdean. 6 graduko lurrikara.