Lurralde aske bat eraikitzeko

Marokok 2.700 kilometroko hesi batekin banatu zuen Mendebaldeko Sahara 1987an. Ekialdeko gunea Fronte Polisarioaren esku dago, baina populazioa eta azpiegiturak eskasak dira.

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Sahararrek Gernikarekin alderatzen dute Tifariti, sinbolismo bertsua duelako haientzat; Euskal Herriko hiriak bezala, Marokoren aurkako gerran (1975-1991) bonbardaketa latzak jasan zituen Tifaritik. 1976an napalma eta bertzelako arma kimikoekin bonbardatu zuen Rabatek. 1991n, berriz, su-eten hitzarmena sinatu aitzinetik ere bonbardaketa gogor batekin zigortu zuen sahararren burujabetzaren ikur bilakatu den hiria. Ekintza militarrak bukatu eta hogei urtera, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Tifarititik hasi nahi du askatutako lurraldeen populatze eta egituratzea.

Mendebaldeko Saharak 266.000 kilometro koadroko eremua du, baina soilik horietako 90.000 daude SEADen esku. Marokorentzat «inorena ez den lurra» da sahararren subiranotzat mantendu dena. Banaketa hori bereziki mingarria da sahararrentzat: Marokok okupatutako lurraldean daude kosta guztia, hiri nagusiak, eta baliabide natural aberatsenak —fosfato meatzeak gehienbat—. Askatutako lurraldean, berriz, basamortua da nagusi, eta kokaguneak eskasak dira. Nomaden lurraldea izan da nagusiki, sahararren artean bizimodu hori hagitz errotuta baitago. Gehienbat gameluz eta ahuntzez osatutako abere taldeekin mugitzen dira, familia osoak, eta kokaguneetan gelditzeko ohitura dute. Tifaritin bertan, erraterako. 1987an NBE Nazio Batuen Erakundeko begiraleek askatutako lurraldean 10.000 nomada zeudela erran zuten. 2005eko datuen arabera, berriz, 12.000 eta 15.000 artean ziren.

Askatutako lurraldeen hiriburua Tifaritin ezarri du Fronte Polisarioa Mendebaldeko Sahara askatzeko mugimenduak. Horren adierazle, azken kongresuak han egin ditu. Tifariti Espainiako armadaren kokalekua zen kolonialismo aroan. Fronte Polisarioak kontrolpean duenetik, haren indarren zati bat dago han ezarrita, nazioarteko kooperanteekin batera. Fronte Polisarioak, baina, herrialde subirano baten bizileku normala bihurtu nahi du hiria. Ospitalea eta eskola daude, eta duela urte batzuetatik Tindufeko kanpamentuetako erbesteko (Aljeria) populazioa erakarri nahian ari dira sahararren agintariak.

Komunikazio zaila

Bir Lehlou, Meharrize, Mijek, Aguanit eta Zug dira askatutako lurraldeetako bertze kokagune garrantzitsuenak. Ospitalea eta eskola eraikia dute gehienek, baita ur putzuak eta baratzeak ere. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioak ere baseak ditu herri horietan. Finko bizi diren herritarren kopurua xumea da oraindik. Bir Lehlouren inguruan, adibidez, merkatariak ezarri dira nomadei eta bidaiariei erregaiz eta bertzelako produktuz hornitzeko aukera emanez. Ipar-ekialdean dago.

Garraiorako komunikazio zaila dute askatutako lurraldeek. Mendebaldetik Marokok eraikitako hesiak bereizten du lurralde okupatuetatik, eta hango igarobideak Rabatek hertsiki kontrolatzen ditu. Aireporturik ez dago liberatutako eremuan. Tindufeko aireportua da aireko konexio gertukoena. Errefuxiatuen kanpalekuetatik askatutako lurraldeetan barneratzeko, ehun kilometro baino gehiagoko bidea dago Aljeriako lurretan. SEADek kudeatutako eremuan ez dago errepide sarerik, eta orografiak baldintzatutako pistetatik mugitzen da garraioa. Azpiegitura eta populazio gehiena Tindufeko kanpamentuetan egon arren, Fronte Polisarioak 1990eko hamarkadatik izan du askatutako lurraldeetan estatu batek beharrezko dituen egiturak sortzeko asmoa. XIII. kongresuak erronka hori bere egin du, lur horiek estatu libre bilakatzeko pausoa emateko.

Gerraren ondorengotza

Mendebaldeko Sahararen banaketa gerraren ondorio da. Herrialdea Espainiaren kolonia zenean, Madrilek Marokorekin eta Mauritaniarekin hitzartu zuen banaketa, 1975ean. Hurrengo urtearen hasieran, Espainiako azken soldaduak atera zirenerako Rabatek eta Nuakchotek inbasioa hasia zuten. Mauritaniari garesti atera zitzaion Fronte Polisarioaren aurkako gerra, eta 1978an okupatutako lurraldeetatik erretiratzea erabaki zuen.

1980an Marokok hesiak eraikitzeko taktika hartu zuen, bi helburu nagusirekin: hartutako lurraldeen jabetza bermatzea, eta Fronte Polisarioaren mugimendua oztopatzea. 1987an, herrialdea erdibitua zuen 2.700 kilometroko hesiarekin. Horrekin, de facto fronteak egonkortuta gelditu ziren. 1991n bi aldeek su-etena hitzartu zuten, NBEren bitartekaritzarekin. Mendebaldeko Sahararen banaketa ordutik dago ezarrita. Marokok ehun mila soldadu inguru ditu hesia zaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.