Lehen aldiz Frantzian, herritarrek galdeketa baten bidez erabaki ahal izan dute beren lurraldearen egitura. Jokoan zegoen erakunde bakar batean biltzea Bas-Rhin eta Haut-Rhin departamenduetako kontseilu nagusien eskumenak eta Alsaziako Eskualde Kontseiluarenak, baina aukera hori baztertu dute herritarrek.
Hautesleen %25ek bozkatu behar zuten erreferenduma ontzat emateko, eta, ozta-ozta bada ere, kopuru hori gainditu dute. Lurralde elkargo bakarra osatzeko beste baldintza bat zen proposamena bi departamenduetan batzea: Haut- Rhinen ezezkoak irabazi du: %37k bozkatu dute, eta botoen %55 jaso ditu ezezkoak. Bas-Rhinen, berriz, baiezkoa nagusitu da, botoen %65 jasota.
Alsaziako erakundeak bateratzeko eskakizuna ez da gauza berria. 1934an egin zuten lehen eskaera bederatzi diputatuk, artean ofizialki eskualderik ez zegoela —1972an eman zizkieten eskumenak—. 1990eko hamarkadan gaia berriro hartu zuen Alsaziako Eskualde Kontseiluko orduko presidenteak, Adrien Zellerrek. Oraingoak, Phillippe Richertek (UMP), bultzatu du bateratze prozesua, Parisko gobernuek tokiko erakundeen berregituraketa prozesua abiatu dutela baliatuta.
Frantziako deszentralizazio erreformaren gerizpean eginiko Alsaziako erreferendumak arreta piztu du beste leku batzuetan; Bretainian eta Euskal Herrian, kasusako. Ipar Euskal Herrian lurralde elkargo bat sortzearen alde azaldu dira alderdiak, baina aukera hori baztertu du Marilyse Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroak, legea "pisuegi" bihurtuko lukeela argudiatuta.
Bretainian, Loire-Atlantique eskualdera batzea ez ezik, ekologistek eta UDBko autonomistek ere proposatu dute departamenduak ezabatzea eta eskumenak Eskualde Kontseiluari ematea.