Kolonbiako Gobernuaren eta FARCeko gerrillarien bake negoziazioetako sei puntuetatik lehena eta garrantzitsuenetakoa da lurrarena, eta aurrera egitea lortu dute, bi aldeek jakinarazi dutenez: "Nekazaritzako errealitatearen muturreko eraldaketak" ekarriko ditu hitzartutakoak, "demokrazia eta berdintasunean".
Lurraren auzia gatazkaren oinarrian dago, eta irtenbidea eman nahi diote Bakerako Lurren Funtsa sortuta. Lurrerako sarbidea izateaz gainera, osasun, hezkuntza eta etxebizitza planak barneratzen ditu, besteak beste. Horrez gainera, gerrillariek eta gobernuak nahi dute lurretatik kanporatu dituzten nekazariak lehengoratzea eta lurrak itzultzea.
Nekazaritza katastroa eguneratzea da beste puntuetako bat, eta nekazaritza ustiaketari mugak ezartzea ere bai, ingurumen interes berezia duten eremuak babesteko. Goseteari aurre egiteko elikatzeko sistema ere ezarriko dute beharra den lekuetan.
"Aldaketa historikoa" da Humberto de la Calle gobernuaren aldeko negoziatzailearentzat, "lurraren pizkundea", haren ustez nekazaritza erreformaren ikuskera tradizionala apurtzen duelako. Hori dena "jabego pribatuarekiko errespetu osoz" egingo dute. "Legezko jabeek ez dute ezeren beldurrik eduki behar". Akordioa onartu ondoren, irakurritako testuaren pasarteak dira horiek.
FARCen arabera, berriz, oraindik gainditzeko dauzkate hainbat auzi, latifundio eta meatzaritzari buruzkoak, baina zehaztasunak dira. Hala ere, bI aldeek nabarmendu dute ez dagoela akordiorik dena hitzartuta egon arte.
Datorren ekainaren 11n eseriko dira berriz gobernuaren eta FARCen ordezkariak Habanan. Gerrillarien parte hartze politikoari buruzko puntuari helduko diote orduan.