GAZAREN KONTRAKO ERASOA

Lurreko erasoa hasi da

Benjamin Netanyahu lehen ministroak armadari agindu dio lurreko erasoari ekiteko. Azken orduetan Gazako hainbat gune bonbardatu ditu Tel Avivek. 

2014ko uztailaren 17a
07:26
Entzun

Erresuma Batuko BBC kateak iragarritako su-etena gezurtatu ondoren, erasoei ekin die berriro Israelek, eta ordu batzuk geroago, lurreko erasoa hasteko agindu du Benjamin Netanyahu lehen ministroak. Hegi babesgarria operazioa hasi eta hamar egunera iritsi da agindua.

Armadak baieztatu du "fase berri bat" hasiko dela. Salatu duenez, "hamar egunez itsasoz, airez eta lurrez" eraso dio Hamasek Israeli. "Gure helburua Hamasen tunelen aurka egitea da", azaldu dute. Diotenez, tunel horien bitartez "terroristak" Israelen "infiltratu" daitezke, eta "erasoak gauzatu". Hori saihesteko, "operazio zehatzak" beharrezkoak dira, armadaren arabera.

Iragarpen hori egin aurretik, gutxienez hiru ume hil dituzte Gaza erdialdean; 7 eta 8 urte dituzten bi anai-arreba eta haien 10 urteko lehengusua dira hildakoak. Gaza iparraldeko eta hegoaldeko hainbat gunetan ere bonbardaketak egin ditu Israelek, horietako batzuk ospitale baten inguruan. 

Su-etena, gezurtatuta

BBCk zabaldua zuen su-eten iraunkorra adostu zutela Israel eta Hamaseko ordezkariek, Kairon egindako bileran. Baina Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek adierazi du akordioari buruzko zurrumurru horiek ez dutela "egia islatzen". Hamasek eta Jihad Islamikoak, berriz, onartu dute elkarrizketetan aurrerapausoak egin dituztela, baina ukatu egin dute inolako akordiorik egon dela.

Egipto aritu da bi aldeen arteko bitartekaritza lanak egiten. Aurretik ere egin zien su-etena hitzartzeko eskaintza, baina Hamasek atzera bota zuen, "okupazioari makurtzea" litzatekeela salatuta.

Hain zuzen, eguerdian amaitu da Israelek eta Hamasek onartutako bost orduko menia. NBEk proposatu zien atzo su-etena, zauritu larriak Gazatik atera eta giza laguntza sartu ahal izateko.

Israelek onartua zuen bost orduko su-etena, eta bart goizaldean jakinarazi du Hamasek beste horrenbeste egin duela. Nolanahi ere, Israelek ohartarazi du "irmoki" erantzungo duela "Hamasek edo beste edozein erakunde terroristak leiho humanitarioa erabiltzen badu edo zibil israeldarren edo jomuga militarren kontrako erasoak egiten baditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.