LURRIKARA. Kaxmirreko dozenaka herri erabat suntsituta daude eta oraino ez da laguntza iritsi

Errepide nagusiak moztuta daude eta mendi aldeko eremuak bakartuta gelditu dira

Kristina Berasain Tristan.
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
«Ghohalarren ez da ezer gelditzen. Nire lau urteko semeak besoa hautsita dauka eta handienak hanka odoletan. Bi egun daramatzate horrela. Seme-alaba guztiak zeruaren azpian ari dira lo egiten, janaririk eta urik gabe. Ezin izan ditugu gure hildakoak lurperatu». Mohammaddin nekazariaren hitzak dira. Ghodalar herrian bizi da eta bertako etxe guztiak suntsituta daudela jakinarazi zuen atzo: «500 etxe zeuden herrian eta denak erori dira: orotara 52 pertsona hil eta beste 200 zauritu dira. Oraino, baina, ez da inor joan Ghodalarrera». Mohammadinnek sei kilometro egin zituen oinez atzo laguntza eskatzeko. Kaxmirreko bi aldeak banatzen dituen muga zeharkatzen duen errepidean dozenaka pertsona bildu ziren atzo inongo laguntzarik jaso ez dutela salatzeko. Mendialdeko herrixketan bizi diren pertsonak dira eta oinez jaisten dira laguntza eske.

Adel Rashid ere han zegoen. «Urabhako 200 etxeak lurrera erori dira baina oraindik ez da inor bertaratu. Hiru egun daramatzagu zain. Ez dugu ezer: ez janaririk, ez urik eta ez aterperik. Bi mila pertsona daude herrian isolatuta eta gosez». Nekazal guneetako herritarrek protesta egin zuten errepidean eta bertatik igarotzen ziren auto eskasak geldiarazten zituzten. «Sugdarren ez da etxe bakar bat ere zutik gelditu. Eraikin guztiak erori dira, ospitalea eta eskola barne. Segundo batzuetan dena desagertu zen». Mahomad Isak arotza da eta hiru urteko semea eramaten zuen besoetan. Trashleemek kolpeak ditu buruan, besoetan eta hanketan. «Hondamendia izan zenetik inork ez gaitu lagundu». Ospitalera eramaten zuen semea.Kaxmirreko dozenaka herrixka erabat suntsituta daude eta giza laguntza nekez ailegatzen da bertara. Lurrikararen ondoren luiziak egon dira eta, ondorioz, errepideak moztuta daude. Mendi aldeko dozenaka herrixka bakartuta daude eta bertan bizirik dauden herritarrak laguntza beharrean daude. Aurki, gainera, negua hasiko da bertan eta herrixkak elurpean egongo dira lau hilabetez.

Umeak, biktima handienak

Kaxmirren iragan larunbatean izandako lurrikarak dagoeneko hogei mila pertsonaren heriotza eragin du. Pakistango Barne ministro Aftab Ahmad Khan Sherpaok hildakoak 20.745 zirela zehaztu zuen atzo. Indiaren menpeko aldean, berriz, 804 hildako zenbatu zituzten atzora arte. Gobernuz kanpoko erakundeek, alta, hildakoak 40.000 izan daitezkeela ohartarazi zuten. Muzaffarabad erabat hondatuta dago eta ehun kilometroko eremuan dauden hiriak eta herriak ere bai. Isolatutako eremuetara ailegatu ahala hildakoen kopuruak gora egingo duela adierazi zuten agintariek. Lau milioi pertsona etxerik gabe gelditu dira eta desplazatuak milioika izan daitezke. Etxerik ez dutelako edo erreplika berrien beldur direlako asko eta asko dira egunotan kale eta parkeetan lo egiten ari diren herritarrak.

Hildakoen artean umeak dira kopuru handiena. Pakistango Armadako bozeramaile Shaukat Sultan jeneralak zona kaltetuenetan «belaunaldi oso bat» galdu dela jakinarazi zuen. Kaxmirren bizi diren bost pertsonatik bat umeak dira eta erdiak hemezortzi urtetik beherakoak. Herritarren laurden bat muturreko pobrezian bizi dira.Errepide ugari moztuta daude. Muzaffarabad eta Srinagar hiriburuak bi aldeetako hiriburuakÐ lotzen dituen errepidea tartean. NBE Nazio Batuen Erakundeko hondamendietarako taldeko eledun Andrew LcLeodek «arazo logistikoak» dituztela jakinarazi zuen: «Errepideak oso baldintza kaskarretan daude eta laguntza eramateko arazoak ditugu». Komunikazio, elektrizitate eta ur sareak hondatuta daude eta ospitaleak suntsituta. Uri herriaren ondoan dagoen zubia suntsitu egin zen atzo eta, hartara, bi aldeak lotzen dituen errepide nagusia moztuta dago. Pakistango Atzerri ministro Tasnim Aslamek zubia konpontzeko denbora asko beharko dutela zehaztu zuen. Kaxmirreko bi aldeak lotzen zituen autobusaren bidaiak, ondorioz, moztuta geldituko dira luzaroan. Indiak eta Pakistanek iragan apirilean jarri zuten martxan zerbitzua bi aldetako herritarrak lotzeko. Iragan ostiralean egin zuen azken bidaia autobusak, lurrikararen bezperan, hain zuzen ere.

Datua



140

Iragan larunbateko lurrikarak 140 erreplika izan zituen atzora arte. Richter eskalan bost graduko indarra izan zuten horietako 23k. Kaxmirren epizentroa izan zuen seismoa azken urteetako handiena izan zen inguruan. Richter eskalan 7,7 graduko indarra izan zuen. Pakistango Metereologia Zerbitzuko zuzendari Qamar Zamanek gaur gauetik aurrera erreplikak izateko arriskua murriztuko dela esan zuen atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.