EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. GAZAKO ERRETIRATZEA

Luxuzko etxe xumeak

KRISTINA BERASAIN - NITZAN
2005eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
eilatu gorriak dituzte. Paretak okre kolorekoak. Area dago inguruan, baina aurki belarra landatuko dute. Barruan egurrezko eta marmolezko sukalde txukuna, zeramikazko lurra, hiru edo lau gela artean, aire girotua, kalefakzioa eta bainugela. Internetera konexioa egiteko entxufea ere bai. Orotara 60 edo 90 metro koadro. Caravilla izena eman diete. Luxuzko behin-behineko etxeak. Hara joandako kolono gehienak, alta, kexu dira. Etxola txikiak eta xumeak direla diote.

Anmona (34) herenegun iritsi zen bere caravilla modulu etxera. Etxearen aurrealdean dago, inguruan kartoizko dozenaka kutxa dituela. «Ezinbestekoak ditugun gauzak baino ez ditugu ekarri. Gainontzeko gauzak edukiontzi batean gelditu dira eta ez dakigu noiz jaso ahal izango ditugun. Hau oso txikia da dena sartu ahal izateko». Noi (5) eta Han (13) seme-alabak panpinekin ari dira jostatzen ondoan. Avi (38) senarra etxearen barruan dago «kaosari ordena jarri nahian». Senide eta lagun ugari joan zaizkie laguntzera. «Neve Dekalimen bizi ginen eta astearte iluntzean ailegatu ginen hona. Bi urtez egongo gara hemen. Etxe bat eraikitzen ari gara kostaldean, gero hara joan ahal izateko».Neve Dekalim kokagunean zuten etxea 160 metro koadrokoa zen. Nitzanen dagoen etxea, berriz, 60 metrokoa. Gaza iparraldetik hamalau kilometrora dago Nitzan. Askhelon eta Ashdod hirien artean. Mediterraneo itsasertzetik gertu. Israelgo Gobernuak 16 milioi shekell gastatu ditu han etxeak eraiki ahal izateko.Sandiak landatuta zeuden zelai zabal batean eraiki dituzte caravillak. Nitzanen 330 behin-behineko etxe eraiki dituzte bi hilabete eta erdian eta une honetan beste 120 zutitzen ari dira. Orotara 2.000 pertsonarentzako lekua egongo da bertan. Gush Katifen eta Gaza iparraldean dauden kokaguneetan bizi ziren familiei egingo diete harrera. Mementoz, 200 familia inguru daude. Komunitate bereko juduak elkarren ondoan dauden etxeetan jartzen saiatzen ari dira eta fededun ez diren pertsonak beste etxeetan. Anmonak ez daki zein kutxa irekitzen hasi. «Hau nahasmena». Etxearen barruan kutxak pilatuta daude leku guztietan. «Hau nire ahizpa da, hau nire koinatua, sukaldean dagoena nire laguna eta bere atzekoa, ama». Nahasmenaren artean bada ere, leku txukuna dirudi. Kanpoan hondeamakinak kaleak egiten ari dira.Seme kopuruaren arabera banatu dituzte 60 eta 90 metro koadroko etxeak. Bi ume baino gehiago dituztenei egokitu zaizkie handienak. Hirurogei metro koadroko etxe baten truke 187.000 shekel 37.400 euro ordaindu behar izan dituzte eta laurogeita hamar metro koadrokoen truke 290.000 shekel 58.000 euro. Bi eta lau urte artean egon ahal izango dira bertan, behin betiko etxe bat erosi bitartean. Israel hegoaldean eta erdialdean beste 450 caravilla zutitzen ari dira kolono guztiei aterpea emateko. Askhelon, Kiryit Gat, Beer Sheva eta Ashod hirietan 800 apartamentu jarriko dituzte euren eskutan. Kolono asko hoteletara eramango dituzte bitartean.

«Material kaskarra»

Victor (48) ingeniaria da. Aurreneko caravillak eraiki zituen enpresako langilea da. Nitzanera ailegatu berri diren kolonoei sostengua ematera joan da alabarekin. «Golametik etorri gara kolonoei emozionalki eta psikologikoki oso gogorra den une honetan laguntza morala ematera. Gauzak kutxetatik ateratzen laguntzen aritu naiz, alabak kolonoen haurrak zaintzen zituen bitartean». Etxeak ongi ezagutzen ditu Victorrek. «Material kaskarreko etxeak dira. Kolonoentzako oso gogorra da hona bizitzera etortzea; izan ere, 200 metro koadroko etxeetan bizitzera ohituta daude».

Ariel Sharon lehen ministroak gauzak denbora gehiagorekin aurreikusteko aukera izan zuela eta etxeak «azkar eta gaizki» eraiki dituela esan du ingeniariak. «Gobernuak denbora asko izan zuen egoera honi beste irtenbide duinago bat aurkitzeko, baina lehen ministroak jarrera irmoago bat izan zuen arte ez zituzten neurriak hartu». Sharoni kolonoak manipulatzea leporatu dio. «Kokaguneetara joatea eskatu zien eta garai hartan lurralde antzua zen Gaza. Basamortua paradisu bilakatu dute kolonoek euren lanarekin eta orain bertatik kanporatu dituzte». Sharonek apirilaren bukaeran ikuskatu zuen orain caravillak eraiki dituzten eremua eta hilabete geroago hasi ziren eraikitzen. Nitzan ondoan erreserba natural bat dago. Dunak daude bertan eta talde ekologistak bertan etxeak eraikitzea salatu dute. Nitzan kanpoaldean izena eman nahi ez duen mutil gazte bat dago. «Hemen lehen baino lasaiago nago. Badakit ez zaidala palestinarren kohete bat buru gainera eroriko». Ondoan neska gazte bat dauka. «Hau ez da paradisua. Baina, Jainkoaren laguntzarekin aurrera aterako gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.